Mundua -
Grezia
Syriza, hegoaldeko herrialdeen iraultza eragin lezakeen alderdia
Grezian hauteskundeak aurreratzean, gero eta gertuago dago aldaketa gauzatzea herrialdean, Europa osoaren begiradapean.
Iker Gonzalez | Eitb.eus
Syriza, Muturreko Ezkerrako Koalizioa, 2004ean Greziako hamar alderdi sozialistak eta komunistak osatutako koalizioa da.
Alexis Tsipras, alderdiaren egungo burua (2007tik), urte gutxitan bozen % 3tik (2004ean) jasotzetik % 26,89 jasotzea -duela bi urte- erdietsi duen taldearen erreferentzia da.
Syrizaren helburua “Europa birsortzea” eta “finantza botereak, herrien benetako etsaiak, suntsitzea” da, ez baitaude "gobernuan baina dena erabakitzen dute". Gainera, Merkelek herrialdearekiko erakutsitako jarrera kritikatu ohi du, eta Europako herrialdeek nortasun nabarmenagoa izatearen alde dago.
Koalizioa AKOA, DIKKI, DEA, Herritar Aktiboak, KEDA, Kokkino, KOE, Xekinima, Greziako Ekosozialistak eta Synaspismos alderdiek osatzen dute. Halere, 2010ean koalizioko kontserbadore talde batek DIMAR alderdia sortu zuen, Syrizatik banatuta.
Herrialdeko ohiko alderdien kontrako gorrotoak, krisialdiak eragindako ezinegonak eta Europak herrialdeko politika eta gizartean egindako esku hartzeak lagundu dute alderdiak gora egiten eta, oposizioko alderdi nagusia bilakatu eta gero, gero eta gertuago du Greziako presidentetza.
Askotan jarri dituzte parez pare Syriza eta Podemos, bai fenomeno politiko gisa, baita haien programek dituzten parekotasunengatik ere. Zorra berrantolatu, erretiroa hartzeko adina jaistea eta gastu publikoa handitzea dira alderdiaren hiru zutabe nagusienetakoak.
Aurreko urrian, Pablo Iglesiasek eta Tsipirasek ekitaldi politiko batean parte hartu zuten ; politikari greziarraren esanetan, “Podemos Europako Syriza berri batean bihur liteke, Syriza espainiarrean”.
Syrizaren idazkari nagusiaren arabera, Europan hiru aukera politiko dago: Alemaniak sustatutako austeritatea, faszismoa (alderdi ultraeskuindarrek izandako gorakadagatik) eta Herriek osatuta Europa.