Mundua -

Presidentetza hauteskundeak

Urtarrilaren 25ean egingo dituzte hauteskundeak Grezian

Parlamentuak ez du presidente berria aukeratzea lortu. Iragarpenak galerak eragin ditu burtsan eta Syriza alderdiaren balizko garaipena mahai gainean jarri du.

Andonis Samaras Greziako lehen ministroa, pentsakor, gaurko bozketa eta gero. EFE
Urtarrillaren 25ean egingo dituzte hauteskundeak Grezian

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urtarrilaren 25ean presidentetza hauteskundeak izango dituzte Grezian, Andonis Samaras lehen ministroak gaur iragarri duenez. Hauteskundeak aurreratzea beste aukerarik ez du izan buruzagi kontserbadoreak, Parlamentuak ez baitu presidente berria aukeratzea lortu.

Bozketa erabakigarria zuten gaur Greziako ganberan, Gobernuak proposatutako hautagaiak, Stavros Dimasek, babes nahikoa lortu ezean, ganbera desegin eta hauteskundeak aurreratzea ezarrita baitu Konstituzioak.

Dimasek 168 diputaturen babesa eskuratu du, behar zituen 180 botoak baino 12 gutxiago.

Parlamentuan ziren 300 diputatuetatik, 168k Dimasen alde bozkatu dute eta 132 'banago' (praktikan, kontrako botoa) esatera mugatu dira. Bozketaren emaitza txalo artean hartu dute Dimas babestu ez duten parlamentariek.

Presidentea aukeratzeko hirugarren saiakera izan da gaurkoa. Joan den asteartean, Dimasen aldeko 168 boto erregistratu ziren, lehen bozketan baino 8 gehiago, baina hautatua izateko behar zituen 200 botoetatik urrun. Lehenengo saiakeran, 160 aldeko boto jaso zituen hautagai kontserbadoreak.

Greziako Konstituzioaren arabera, hiru bozketa hauetan Errepublikako presidentea aukeratzen ez badute, Gobernuak 10 egun ditu ganbera desegiteko eta hiruzpalau asteko epea, hauteskundeak deitzeko. Hain justu, epe horren baitako lehen egunean egingo dituzte hauteskundeak.

Andonis Samaras lehen ministroak hautagaia babesteko azken deia egin zuen larunbatean. Ohartarazi zuenez, Dimas babesten ez duenak Syriza ezker muturreko alderdiaren alde egingo du, hein batean. "Diputatuek ezingo dute esan ohartarazi ez genituenik", azaldu zuen Samarasek Nerit telebista publikoari eskainitako elkarrizketa batean. Lehen ministroaren arabera, Syrizak galbidera eramango du herrialdera.

"Eginahalak egin ditugu presidentea aukeratzeko eta greziarren gehiengoak nahi ez duen hauteskundeak ez aurreratzeko", esan du gaaur telebista bidez emititu den adierazpen laburrean. "Zoritxarrez, 132 parlamentarik, Syrizakoak eta Urrezko Egunsentikoak tartean, hauteskunde aurreratuetara eraman dute Grezia", deitoratu du.

Ezker muturreko alderdia, inkestetan faborito

Inkesten arabera, Syriza alderdiak irabaziko ditu hauteskundeak, botoen % 28 eskuratuta. Samaras buru duen alderdi kontserbadoreak eta sozialistek urteetan izan duten gehiengo zabala galduko dute.

Galerak, merkatuetan

Bozketa egin aurretik, Atenaseko Burtsak galerekin abiatu du gaurko saioa, eta behin hauteskundeak aurreratuko zirela jakin denean, % 11 amildu da. 2014an, Atenaseko Burtsak % 34 galdu du.

Greziako Burtsan ez ezik, hauteskundeen aurreratzeak beherakadak eragin ditu Europako gainerako merkatuetan ere. Hala, Ibex 35ak % 2 galdu du; Milangoak,  % 2,12; Frankfurtekoak, % 0,99; Parisekoak, % 0,72 eta Londresekoak, %  0,13.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea