Mundua -
Galdeketa teknikak
CIAk tortura 'basatiak' egin zituen I-11ko erasoen ostean
2001eko irailaren 11ko atentatuen ostean Al Kaidako susmagarriak eta kideak nola galdekatzen zituzten azaltzen du txosten batek. Antza denez, metodo eztabaidagarriak erabili zituen CIAk.
Erredakzioa
Legegileei eta estatubatuarrei azaldutakoa baino galdeketa teknika “basatiagoak” erabili zituen CIAk, Senatuko Inteligentzia Batzordeak egindako txosten baten arabera. Gainera, metodo horiek eraginkorrak izan ez zirela ondorioztatu du txostenak.
Agiriak eta ikerketak egiten azken bost urteak eman dituzte txostenaren egileek. 2001eko irailaren 11ko atentatuen ostean, Al Kaidako susmagarriak eta kideak Europako eta Asiako instalazio sekretuetan nola galdekatzen zituzten azaltzen du txostenak. Dirudienez, metodo eztabaidagarriak erabili zituen CIAk.
Txostenak 500 orrialde baino gehiago ditu. Ikerketaren arabera, atxikitako 119 pertsonetatik 26 oker atxilotu eta galdekatu zituen CIAk.
CIA: “Informazio erabakigarria lortu genuen”
Terrorismoaren susmagarriei egindako torturekin Al Kaida ulertzeko informazio “erabakigarria” lortu zutela defendatu du John Brennan CIAko zuzendariak. Informazio hori egun terrorismoaren aurkako borrokan erabilgarria dela goraipatu du.
CIAko galdeketa programaren inguruko ikerketak berriz ez zabaltzeko erabakia berretsi du AEBetako Justizia Departamentuak. Duela bost urte bi ikerketa kriminal zabaldu zituztela gogorarazi du Justiziak, baina “artxibatu egin zituzten akusazioak bideratzeko froga nahikoak ez zirelako”.
CIAk susmagarriei aplikatutako torturek “terrorismoaren aurkako borrokan” lagundu ez zutela adierazi du gaur Barack Obama Amerikako Estatu Batuetako presidenteak.
“Programa kezkagarria”
2001 eta 2009 artean susmagarriak galdekatzeko “programa kezkagarri baten informazioa biltzen du” txostenak, eta “praktika horiek iraganean uzteko” balio behar du horrek, Obamak agiri batean adierazi duenez.
AEBetako presidentearen ahotan, “metodo bortitzak gure nazioaren balioekin bateraezinak dira, eta terrorismoaren aurkako borrokan ez dute batere lagundu, ezta segurtasun nazionala bermatzeko ere”.
“Gainera, teknika horiek Estatu Batuen irudiari kalte garrantzitsua egin zioten munduan, eta aliatuekin akordioak lortzea zaildu zuten. Horregatik, metodo horiek berriz erabiltzen ez ditugula bermatzeko lan egingo dut presidente gisa”, erantsi du.