Mundua -
Mexiko
Igualan desagertutako ikasle baten gorpuzkiak topatu dituzte
Argentinako zenbait medikuk baieztatu egin dute aurkitutako hezurrak aurreko irailaren 26an udalerri mexikarrean desagerrarazitako 43 ikasleetako baten gorpuzkiak direla.
Erredakzioa
Argentinako auzitegi-medikuek baieztatu egin dute topatutako gorpuzkiak aurreko irailaren 26an Igualan desagertutako 43 ikasleetako baten hezurrei dagozkiela, Ayotzinapako Eskola Normalaren arabera.
Erakundeak Facebook sare sozialean duen kontuan eman du baieztapenaren berri, eta gorpuzkiak Alexander Mora Venancio ikaslearenak dira. Halere, senideen eta ikasleen ordezkariek adierazi dute gertakari honen nondik norakoak mitin batean azalduko dituztela, justizia eskatzeko egitekoa den manifestazio baten ostean.
“Gaur, abenduak 6, mediku argentinarrek baieztatu egin diete nire gurasoei aurkitutako hezurrak niri dagozkidala”, adierazi dute Eskolak zabaldutako mezuan, Mora Venancio berak hitz egin balu bezala.
Irailaren 26an, gauean, udaltzaingo talde batek eskola horretako zenbait ikasleren kontra tiro egin zuen, Jose Luis Abarca garai horretan Igualako alkatearen aginduei jarraituta.
Mexikoko Fiskaltzak albistea baieztatu du
Jesus Murillo Karam Mexikoko prokuradoreak DNA frogaren emaitzen berri eman du gaur, eta Austriako Innsbruckeko Unibertsitateak aztertutako gorpuzkinak Alexander Mora Venancio ikaslearenak direla baieztatu du.
"Innsbruckeko Unibertsitateak igorritako emaitzen arabera, ikertutako hezur lagina Alexander Mora Venanciorena da; 21 urteko gizona, irailaren 26an Igualan desagertu zena", adierazi du Murillo Karamen kazetarien aurrean.