Mundua -
SNP
Nicola Sturgeon, Eskozia gobernatuko duen aurreneko emakumea
44 urteko Sturgeon aukeratzea ziurtatu du Eskoziako Alderdi Nazionalistaren (SNP) gehiengoak. Ruth Davidson kontserbadorea, “alternatiba unionista”, bazterrean utzi du SNPren gehiengoak.
Erredakzioa
Nicola Sturgeon Eskoziako Alderdi Nazionalistaren (SNP) buruzagi independentista herrialdea gobernatuko duen lehen emakumea izango da, Holyrood Parlamentu autonomoak ministro nagusi izendatu eta gero, Edinburgon.
44 urteko Sturgeon aukeratzea ziurtatu du SNPren gehiengoak. Horrela, Ruth Davidson kontserbadorea, “alternatiba unionista”, bazterrean utzi du SNPren gehiengoak.
Honenbestez, Sturgeonek Salmonden lekua hartu du Eskoziako Gobernuan. Alex Salmondek dimisioa eman zuen irailaren 19an, eskoziarrek erreferendumean Erresuma Batuan jarraitzea erabaki eta biharamunean.
“Lehen emakumea izatea beste erantzukizun bat” dela adierazi du Sturgeonek bozketa egin baino lehen, hitzaldi labur batean. “Emakume bakoitzari bere potentziala gauzatzen” laguntzea espero du Sturgeonek Eskoziako ministro nagusi gisa.
Buruzagi abertzaleak ostegun honetan egin du karguaren zina, Edinburgoko Saio Auzitegiaren aurrean. Era berean, Parlamentuaren lehen galdera bilkuran parte hartuko du ministro nagusi berriak.
Eskoziako Alderdi Nazionalistaren zuzendaritza iragan astean hartu zuen Sturgeonek. 2015eko maiatzean egin beharreko hauteskunde-kanpaina prestatzen hasi da, eta Londresko Parlamentuan dituen sei eserlekuak gehitzea espero du Sturgeonek.
Sturgeon: “Demokrazia sekula ez bezala loratu da Eskozian"
Ministro nagusiaren hitzetan, “Eskozian demokrazia sekula ez bezala loratu” dela erakusten du independentziaren inguruko kontsultan izandako % 85eko parte-hartzeak.
Eskoziako Gobernu autonomoaren bosgarren buruzagia da Sturgeon, 1999an Holyrood Parlamentua sortu zenetik. Donald Dewar laborista izendatu zuten orduan lehen ministro nagusia.