Mundua -
Profila
Mitch McConnell, Senatuaren 'jabe' berria
Izaera latzeko senatari errepublikanoa AEBko gizon boteretsuenetako bat bihurtu da gaur.
Erredakzioa
"Darth Vader heldu da", esan omen zuen behin Mitch McConnell senatari errepublikanoak bere buruari buruz. Izan ere, izaera latz eta aurpegi serioko politikariak 'gaizto' papera egitea gustuko du, eta bere alderdiko boto-emaileen artean ezagunena eta maiteena ez bada ere, gaurtik AEBko Senatuko buruzagi berria da.
AEBko Senatua errepublikanoen esku geratu da gaur, agintaldi erdiko hauteskundeetan, eta McConnell, buru. Herrialdeko gizon boteretsuenetako bat bihurtu da, horrenbestez, politikari beteranoa (72 urte ditu).
Negoziazioan, maisu
Ondo ezagutzen dutenek diotenez, begirada batekin kapaz da alderdikideak konbentzitzen. Askorengan beldurra eragiten badu ere, akordioak lortzeko abilezia handia du; bart egindako hitzaldia horren lekuko.
"Ados egon gaitezkeen kontuetan elkarrekin lan egiteko betebeharra dugu", nabarmendu zuen zaleen aurrean egindako hitzaldian. Txalo gehienak, baina, Obamaren "ezgaitasuna" kritikatu zuenean jaso zituen.
Sheffielden (Alabama) jaiotakoa, II. Mundu Gerrako beterano baten semea da McConnell. 8 urterekin Georgiara bizitzera joan zen, eta handik urte batzuetara, Louisvillera (Kentucky). Bertan egin zituen bigarren mailako eta unibertsitate mailako ikasketak.
Politika Zientziak eta Zuzenbidea ikasi zituen, eta AEBko Armadan erreserban egon zen urte luzez.