Mundua -
Hauteskundeak
AEBko Kongresua, errepublikanoen esku
Alderdi Errepublikanoak Senatuan ere izango du gehiengoa, demokratei sei ordezkari kenduta.
Erredakzioa
Alderdi Errepublikanoek AEBko Senatuaren gehiengoa izango du hemendik aurrera, atzo egindako hauteskundeetan demokratei sei ordezkari kenduta (berritzen ziren 100 eserlekuetako 52, errepublikanoenak). Hori horrela, errepublikanoek AEBko Kongresuaren kontrol osoa izango dute Barack Obama presidente demokratari geratzen zaion agintaldiko azken bi urteetan.
2006tik lehenengo aldiz, errepublikanoek Kongresuko bi ganberak izango dituzte kontrolpean, eta horrek zaildu egingo du Obamaren agintaldiaren amaiera.
NBC News katearen arabera, Obamak hainbat ordezkari errepublikanori deitu dio gaur, Tom Cotton errepublikanoari, Mark Pryor demokratari Arkansas kendu dion ordezkariari, besteak beste.
Ipar Carolinakoa izan da demokraten eskuetatik errepublikanoen eskuetara igaro den seigarren eserlekua, Arkansasekin, Hego Dakotarekin, Montanarekin, Virginia Mendebaldearekin eta Coloradorekin batera.
"AEBko herritarrek errepublikanoengan jarri dute konfiantza. Obama presidentearen politika okerrak eta Harry Reiden Senatua errefusatu dituzte", adierazi du prentsa-ohar batean Reince Priebus Errepublikanoen Batzorde Nazionaleko presidenteak.
Bestalde, Harry Reidek, gehiengo demokrataren buruak, kontserbadoreen garaipena onartu du, eta Mitch McConnell senataria zoriondu, hori izango baita urtarriletik aurrera bere postua hartuko duena.
Atzoko hauteskundeetan Ordezkarien Ganberako 435 eserlekuak eta Senatuaren herena, 100 senatari, berritu zituzten, eta Obama presidentearekiko desengainua izan da protagonista. Etxe Zuriko buruak bilera batera deitu ditu bi ganberen ordezkari nagusiak ostiralerako.
Ordezkarien Ganberari dagokionez, Alderdi Errepublikanoak gehiengoari eutsiko diola diote inkesta guztiek, eta 450 eserlekutik 242 baino gehiago eskura ditzake, Tea Partyren bultzadari esker.
Gobernadoreak
Bi ganberen kontrola lortzeaz gain, errepublikanoak garaile izan dira gobernadoreak berritzeko hauteskundeetan ere. Gainera, ezusteko garaipenak lortu dituzte Marylanden, Illinoisen eta Massachusettsen.
Demokratek gaurkoan jaso duten albiste on bakarrenetako Pennsylvaniatik iritsi zaie, Tom Wolfek gobernadore kargua kendu baitio Tom Corbett errepublikanoari.