Mundua -
200 bahitu baino gehiago
Duela sei hilabete bahitutako neskatoak askatuko ditu Boko Haramek
Nigeriako Armadak eta talde terroristak su-etena adostu dute. Hilabete bat negoziatzen eman dute akordioa lortzeko. Txadeko buruzagiak bitarteko izan dira elkarrizketetan.
Erredakzioa
Su-eten bat eta bahitutako 200 neskato baino gehiago berehala askatzeko akordio bat adostu dute gaur Boko Haram talde terroristak eta Nigeriako Armadak, Alex Badeh Aginte Goreneko buruzagiak iragarri duenez. Neskatoak duela sei hilabete bahitu zituzten Chiboken.
Akordioaren xehetasunak ez dituzte zehaztu oraindik, baina akordioa betetzeko eskatu die dagoeneko Armadak bere soldadu guztiei.
“Bi akordioak” baieztatu dizkiote Presidentetzako iturriek Reuters albiste-agentziari. “Lehenengo, su-etena eta, ondoren, Chiboken bahitutako neskatoen askapena”, jakitera eman dute.
Hilabete bat negoziatzen eman dute akordioa lortzeko, Hasan Tukur presidentearen aholkulariak azaldu duenez. Txadeko buruzagiak bitarteko izan dira elkarrizketa horietan.
Apirilaren 14tik, bahituta
Boko Harameko miliziar talde bat Chibokeko neskatoen eskolan sartu zen, apirilaren 14an, eta 250 adingabe baino gehiago bahitu zituen. Chibok Nigeriako ipar-ekialdean dago.
Bahiketa luzeak eta Gobernuaren erantzunak Nigeriako herritarren haserrea eta nazioartearen kritikak jaso ditu; izan ere, ihes egin zuten neskatoen askapena bere gain hartu zuen Exekutiboak.
Asteartean, bahiketak sei hilabete bete zituenean, dozenaka lagunek elkarretaratzea egin zuten Abuyako jauregiaren inguruan.