Mundua -
Eskozia
Nicola Sturgeonek hartuko du Salmonden lekua Eskoziako Gobernuan
Azken hamarkadan Salmonden bigarrena izandakoak gidatuko du Eskoziak autonomia handiagoa jasotzeko prozesua.
Erredakzioa
Nicola Sturgeon, Eskoziako Gobernuko bigarrena, izango da hurrengo ministro nagusia eta Eskoziako Alderdi Nazionalistako (SNP) burua, Alex Salmonden ordez. Izan ere, gaur bukatu da SNPko buruzagitzarako hautagaitzak aurkezteko epea, eta Sturgeonena izan da aurkeztu duten bakarra.
Sturgeon Salmonden bigarrena izan da azken 10 urteetan, eta azaroaren 15ean hartuko du haren lekukoa, SNPk egingo duen batzarrean. Horren ostean, Eskoziako Gobernuko burua izateko bozketa egingo dute, baina Sturgeonek ez du arazorik izango, SNPk gehiengo osoa baitu Eskoziako Parlamentuan.
Salmondek dimisioa eman zuen irailaren 18ko erreferendum independentista galdu eta gero. Eskoziarren % 55ek Erresuma Batuan jarraitzearen alde bozkatu zuten bertan, eta gainerako % 45ak, independentziaren alde.
Salmondek parlamentari izaten jarraituko du, baina politikaren lehen lerroa utziko du.
Hori horrela, Sturgeonek gidatu beharko du Eskoziak autonomia handiagoa lortzeko prozesua.