Mundua -

Eskoziako Erreferenduma

Eskoziari botere gehiago ematea aztertuko du Parlamentu britainiarrak

Erreferendumaren emaitza eta Eskoziari eman beharreko eskuduntzen ondorioak aztertuko ditu Komunen Ganberak.

Erresuma Batuko Parlamentua. Argazkia: EiTB
Erresuma Batuko Parlamentua. Argazkia: EiTB
Erresuma Batuko Parlamentua. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eskoziako independentzia erreferendumaren ondorioak aztertuko dituzte gaur Erresuma Batuko diputatuek, Komunen Ganberan. Independentziari ezetz esan zioten eskoziarrek, eta Erresuma Batuan jarraitzea erabaki zuten.

Egun osoko saioa izango dute Parlamentu britainiarrean, eta Eskoziako galdeketaren emaitza eta horren eragina aztertzea jaso dute gai-ordenan, puntu nagusi modura. Westminsterreko hiru alderdi nagusiek (kontserbadoreek, laboristek eta liberal-demokratek) Eskoziari eskumen gehiago emateko hartutako konpromisoa izango dute aztergai.

Astelehen honetan bertan, Londresko Gobernuak dokumentu bat eman du argitara, Eskoziako Parlamentuari eskumen gehiago emateko duen planaren xehetasunak emanez.

Irailaren 18an egin zen Eskozian independentziaren aldeko erreferenduma; boto-emaileen % 55 Erresuma Batuan jarraitzearen alde agertu ziren, eta gainerakoak, % 45, Eskozia independentea izatearen alde.

Erreferendumaren atariko kanpainan, David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak, Ed Miliband Alderdi Laboristako buruak eta Nick Clegg Erresuma Batuko lehen ministroordeak akordio bat izenpetu zuten, Eskoziak Erresuma Batuan jarraitzea erabakiz gero herrialde horri eskumen gehiago emateko.

Willian Hague Atzerri Gaietako ministro izandakoak jakinarazi duenez, Londresko Gobernua emandako hitza betetzeko eta eskumen-transferentzia horrek Ingalaterrari eragingo diona bere gain hartzeko prest dago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea