Mundua -
Bahiketa
Frantziako turista bat bahitu dute Aljeria ekialdean
Estatu Islamikoarekin lotutako talde batek bere gain hartu du bahiketa. Frantziarrak larunbatean iritsi eta datorren egunean bahitu zutela azaldu du, bideoan.
Erredakzioa
Frantziako turista bat bahitu dute Aljeria ekialdean, Frantziako Kanpo Arazoetako Ministerioak berretsi duenez. Estatu Islamikoarekin lotutako talde batek gertaera bere gain hartu du, bideo baten bitartez. Desagertutako gizonezkoak bertan hitz egiten azaltzen da.
“Kaliferriko Soldatuen eskuetan nago, Aljeriako talde armatu bat”, esan du frantziarrak. Aljeriara larunbatean iritsi eta egun bat geroago bahitu zutela azaldu du.
Gizonak François Hollande Frantziako presidenteari zuzendu dio mezua. “Talde armatu honek Iraken ez esku hartzeko esaten dit. Bahitu egin naute, eta, presidente, ahal duzun guztia egiteko eskatzen dizut, hemendik ateratzeko”, adierazi du.
“Frantziako herritar bat bahitu zuten igandean, Aljerian, Tizi Ouzou eskualdean, oporretan zela”, azaldu du Frantziako Ministerioak, ohar batean. Dokumentua egiaztatzen saiatzen ari da uneotan.
Alhadath-dz.com berrien webguneak jakitera eman duenez, 55 urteko turista Beni Ouardane herrian desagertu zen. Biktima bi egun lehenago iritsi zen, turisten bisa batekin. Lagun batzuekin Tikjaden ostatu hartu zuen.
Frantziak bere esku dauden errekurtso guztiak “mobilizatu” ditu, desagertutako gizonezkoa aurkitzen saiatzeko. “Aljeriako agintariekin kontatuan gaude etengabe, haien laguntza eta babesa eskaini digute”, azaldu du Ministerioak.