Mundua -

Eskoziako erreferenduma

Eskoziari autonomia gehiago emateko konpromisoa berretsi du Cameronek

Gobernuak zerga sistemari eta ongizate estatuari dagozkien alorretan botere transferentzia egongo dela azpimarratu du.

David Cameron Britainia Handiko lehen ministroa. Artxiboko irudia: EiTB
David Cameron Britainia Handiko lehen ministroa. Artxiboko irudia: EiTB
David Cameron Britainia Handiko lehen ministroa. Artxiboko irudia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

David Cameronen Gobernuak Eskoziari autonomia gehiago emateko konpromisoa berretsi du gaur, independentziari buruzko erreferendumaren aurretik Britainia Handiko alderdi nagusietako buruzagiek adostu bezala. "Batasunaren aldeko hiru alderdiek Eskoziako Parlamentuari botere gehiago emateko konpromisoa hartu dute, eta horretarako egutegi zehatza finkatu dugu", adierazi du Cameronen Gobernuko bozeramaile batek.

Zerga sistemari eta ongizate estatuari dagozkien alorretan botere transferentzia egongo dela azpimarratu du Gobernuak. Hala ere, gai horiek alderdien artean adostu beharko dituzte azaroa aldera, urtarrila amaieran dagokion legediaren zirriborroa aurkeztu aurretik.

Hiru alderdi nagusiek, kontserbadoreek, laboristek eta liberaldemokratek, erreferendumaren aurretik hitzemandakoa beteko dutela baieztatu zuen atzo Gordon Brown Britainia Handiko lehen ministro ohiak.

Plebiszituaren ondotik, Cameronek gainerako lurralde britainiarrei, bereziki Ingalaterrari, autonomia gehiago emateko egitasmoa aurkeztu zuen. Izan ere, Galesek eta Ipar Irlandak beren Batzarra dute, ez ordea Ingalaterrak. Ingalaterrako gaiak bertako diputatuek erabakitzearen aldekoa da David Cameron. Horretarako, lehen ministroa Alderdi Kontserbadoreko kideekin elkartuko da Ingalaterrako kasua aztertzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ezkozia bideoak Eskoziako erreferenduma David Cameron bideoak