Mundua -
Gaixotasuna
NBEk dio 1.000 milioi dolar behar direla ebolari aurre egiteko
Gainera, epidemiak jota dauden herrialdeetako "osasun sistemen kolapsoa" saihestea eskatu du, dagoeneko gaixotasun komunengatik hiltzen ari baitira herritarrak Afrika mendebaldean.
Erredakzioa
Nazio Batuen Erakundearen kalkuluen arabera, 1.000 milioi dolar (772,4 milioi euro) behar dira ebolaren epidemiari Afrika mendebaldean aurre egiteko, duela hilabete pentsatzen zutena baino hamar aldiz gehiago.
David Nabarro NBEren ebolaren kontrako koordinatzaileak esan duenez, hilabete batean bikoiztu egin da epidemiaren zabalkundea eta larritasuna.
Nazioarteko Osasun Erakundeak jakitera eman duenez, dagoeneko 5.000 dira gaitzak jotako pertsonak, eta erdiak hil egin dira, duela 21 egun halako bi.
Gainera, NBEk epidemiak jota dauden herrialdeetako "osasun sistemen kolapsoa" saihestea eskatu du, dagoeneko gaixotasun komunengatik hiltzen ari baitira herritarrak Afrika mendebaldean, gutxieneko mediku arreta ezin jasota.
Valerie Amos NBEren Giza Gaietarako idazkari nagusiaren ondokoak aitortu du gaur egun tuberkulosiak, malariak edo bestelako gaixotasun kronikoek pertsona gehiago hiltzen dituztela ebolak baino.
Era berean, jaioberrien heriotzak ere ugaritu egin omen dira, ospitaletako egoera kritikoa delako, Liberian eta Sierra Leonan batez ere.