Mundua -
Siriako gatazka
Estatu islamiarrari eta Al Assadiri gerra krimenak egitea egotzi diete
NBEak Siriako Gobernuari eta Estatu Islamikoari gerra krimenak egitea egotzi die. Bitartean, Siriako matxinoek Golaneko mugaren kontrola bereganatu dute asteazken honetan.
Erredakzioa
Nazio Batuen Erakundeko ikerlari talde batek eginiko txosten batean Siriako Gobernuari eta Estatu Islamikoari gerra krimenak egitea egotzi zaie.
Baxar al-Assaden gobernuari dagokionez, zibilak bizi diren guneetan substantzia kimikoak zituzten bonba-upelak jaurtitzea egotzi diote. Gainera, Siriako Gobernuaren menpe dauden espetxeetan preso ugari hil dituztela salatu du NBEk.
Erasoek aurrera dihardute
Siriako borrokalari matxinoek, tartean Yihadisten Al-Nusra fronteko zenbait kide, Siria Golango goi-lautadatik banatzen duen Al Quneitraingo mugaren kontrola bereganatu dute.
Erasoetan Siriako Giza Eskubideen Behatokiak gutxienez erregimen siriarreko 20 lagun hil direla jakitera eman du.
Erasoetan lau matxino hil eta beste dozenaka zauritu dira, nahiz eta ez jakin, zehaztz mehatz, Al Nusra fronteko zenbait pertsona hil diren.
Bi aldeen arteko borrokak aurrera jarraitzen du Mehadama herrian eta Yabaa, Tel Korum eta Añ Rauadi zonaldeetan.
Al Quneitra, Mehadama eta Al Rauadi bereganatzeko asmoz, matxinoek “Eskubidearen promesa” izena eman dien erasoaldia abian jarri dutela eman dute jakitera.