Mundua -

Sarraskia Gazan

Gutxienez 17 pertsona hil dira, Gazako merkatu batean izandako erasoan

Bonbardaketa Israelek lau orduko ‘su-eten humanitarioa’ iragarri duen arren eman da, Gazako Zerrendan. 100 pertsona baino gehiago zauritu dira.

Bonbardaketak Gazan. EFE
Bonbardaketak Gazan. EFE
Gerrak ez du laster amaitzeko trazarik

1:24

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 17 pertsona hil dira eta 100 baino gehiago zauritu, asteazken honetan, Gazako merkatu nagusi batean izan den bonbardaketan, Ashraf al Qedra Zerrendako Osasun Ministerioko bozeramaileak jakitera eman duenez.

Bozeramaileak azaldu duenez, Israelgo abiazioari leporatutako erasoa 18:00etan izan da, su-etena amaitzea aurreikusitako ordua baino ordubete lehenago.

Merkatuko biktimekin, gutxienez 27 dira ustezko su-etenan hil diren palestinarrak, Maan agentziaren arabera.

'Su-eten humanitarioa'

Bonbardaketa Israelgo armadak lau orduko "su-eten humanitarioa" iragarri arren eman da. Su-etena Gazako 12:00etan hasi da, Euskal Herriko 14:00etan.

Bien bitartean, Israelgo Armadak Ekialde Hurbileko Palestinar Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Erakundeko Agentziaren (UNRWA) eskola bat bonbardatu du berriz Gazan, Jabaliyako errefuxiatu eremuan, eta bertan errefuxiatuta zeuden 20 pertsona hil ditu, gehienak umeak eta emakumeak. Zauritutakoak 90 dira.

Gaur goizaldean bonbardaketa gordin gehiago egin ditu Israelek Gazan, eta horietan beste 34 pertsona hil ditu, Ashraf al Qidra Hamasen Gobernuko Osasun ministroak zehaztu duenez. Hildakoen arteko familia bereko 9 pertsona daude.

Eskola bati egindako erasoa gaitzetsi dute NBEk

Israelgo Armadak Gazako Zerrendan eskola baten aurka egindako eraso “iskanbilatsua eta ezin justifikatua” gaitzetsi dute NBEk. Halaber, erantzuleak justiziaren aurrera eramatea eskatu dute.

Dagoeneko 1.300 pertsona baino gehago hil dira

Gutxienez 1.302 palestinar hil dira, eta 7.000 baino gehiago zauritu, Israelek Hamasen aurkako erasoaldia hasi zuenetik, uztailaren 8an, medikuek jakitera eman dutenez.

Biktimen % 80 zibilak dira, NBEren arabera. Izan ere, Armada milizianoak eta zibilak bereizi gabe ari da bonbardatzen: ospitaleak, eskolak, hedabideen egoitzak, hondartzak, parkeak... denak izan dira bonben helburu azken asteetan.

Israelen aldetik, 53 soldadu eta bi zibil hil dira.

Joan den astean, Armada israeldarrak UNRWAren beste eskola bati eraso zion, Beit Hanun  herrian, eta 16 pertsona hil zituen. Orduan, gertatutakoa sakon ikertzea eskatu zuen NBEren agentziak.

Azken bi asteetan, 182.000 pertsonak etxetik ihes egin behar izan dute Gazan, eta UNRWAren instalazioetan bilatu dute babesa. Dena dela, zentro horiek ez direla seguruak ohartarazi du agentziak, Israelek hainbatetan eraso baitie.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gazako bideoak