Mundua -
Boko Haram
Gutxienez 18 pertsona hil dira Nigerian, Boko Haramen eraso batean
Miliziano islamdarrek su eman diote Damboa herriari, eta hildako kopuruak gora egin dezake datozen orduetan.
Erredakzioa
Gutxienez 18 pertsona hil dira gaur Boko Haram talde terrorista islamdarrak Nigeria ipar ekialdeko Damboa herrian egindako erasoan, BBC katearen arabera.
Lekukoek adierazi dutenez, Boko Harameko milizianoek su eman diote "Damboa erdia baino gehiagori". 18 gorpu erreskatatu dituzte erasoa izan den lekuan, baina hildakoen kopuruak gora egin dezake datozen orduetan.
Pasatu den apirilean, Boko Haramek sumindura eragin zuen nazioartean, Borno estatuko Chibok herriko eskolako 200 neskatila baino gehiago bahitzean. 276 bahituetatik 57k ihes egin zuten berehala, eta beste dozena batek geroago aske gelditzea lortu du.
Boko Haramek Nigeria iparraldean Estatu islamikoa ezarri nahi du, eta milaka pertsona hil ditu 2009tik; ehunka, azken hilabeteetan. Taldearen izenak "mendebaldeko hezkuntza bekatua da" esan nahi du hausa hizkuntzan.