Mundua -
Zisjordania
Desagertuen bila 'neurriz' jokatzeko eskatu dio NBEk Israeli
NBEk "kezkagarritzat" jo du Israelek desagertuak bilatzeko abiatu duen operazioa; guztira, sei palestinar hil (adingabe bat tartean), 118 zauritu eta 471 atxilotu ditu.
Erredakzioa
Hebron Zisjordaniako hiriaren inguruan desagertutako hiru gazte juduak bilatzeko abiatutako operazioan "neurriz" eta Nazioarteko Zuzenbidearen arabera jokatzeko eskatu dio Israeli Jeffrey Feltman Nazio Batuen Erakundeko Politika Gaietarako idazkariordeak.
"Hiru gazte desagertuen bila jarraitzen duten bitartean, neurriz jokatzeko eta operazioa Nazioarteko Zuzenbidearen arabera egiteko eskatzen dugu, eta inor ez zigortzeko egin ez duen zerbaitengatik", esan du.
Horren ildotik, NBEk "kezkagarritzat" jo du Israelek abiatu duen operazioa; guztira, sei palestinar hil (adingabe bat tartean), 118 zauritu eta 471 atxilotu ditu.
Ez du fruiturik eman
Israelgo Armadako goi-kargudun batek onartu duenez, hiru gazteak bilatzeko abiatutako operazioak ez du fruiturik eman, eta, gutxi barru, inteligentzia zerbitzuek hartuko dute bere gain, zantzurik topatu arte.
"Ez dugu inolako informaziorik hiru gazteen inguruan", esan du Zisjordaniako Komandantzia Zentroko goi-kargudun batek, bertako egunkari baten arabera.