Mundua -
Bahiketa Nigerian
Neskatoak sakabanatu egin dituztela uste du Nigeriako Gobernuak
Nigeriako Armada, nazioartearen laguntzarekin, Borno iparraldeko estatuko Sambisako basoan dabil azken egunotan bilaketa lanetan.
Erredakzioa
Nigeriako Gobernuak baztertu egin du Boko Haram talde islamistak bahitu zituen 200 neskatoak Sambisako basoan, talde armatuaren babesleku eta operazio-basean, egotea. Horren ustez, baliteke talde txikitan banandu eta herrialde osoan sakabanatuta egotea.
“Ez dago zantzurik neskatoak oraindik basoan daudela esateko. Eta ez dago zantzurik herrialdetik kanpora eraman dituztela pentsatzeko”, esan zuen bart telebistan eskaini zuen elkarrizketa batean Labaran Maku informazio ministroak. The Punch egunkariak horren berri jaso du gaur.
Nigeriako Armada, nazioartearen laguntzarekin, Borno iparraldeko estatuko Sambisako basoan dabil azken egunotan bilaketa lanetan, neskatoak bahitu ondoren bertara eraman zituztela uste baitute.
Bertan daudela erakusten duen zantzurik aurkitu ez dutenez, “baliteke neskatoak taldeka banandu izana eta herrialdeko beste gune batzuetan izatea”, esan zuen ministroak.
Nolanahi ere, Makuk ukatu egin zuen neskatoak Nigeriatik kanpo egotea.
“Batzuek diote Kamerunen eta Afrika Erdiko Errepublikan ikusi dituztela. Baina ez dago hori erakusten duen frogarik”, esan zuen Makuk, eta Boko Haram taldeko kideen kontra borrokatzea “oso zaila” dela onartu zuen.
Elkarrizketa berean, Boko Haramekin negoziatzeko eskatu zion ministroak Gobernu Federalari, apirilaren 14an Chibok udalerriko eskola batean bahitu zituzten neskatoak aska ditzaten.
Boko Haram taldeko buruak, Abubakar Shekauk, neskatoak salduko zituztela esan zuen, eta talde horretako militanteak aske uzteko eskatu zuen, adingabeak aske uztearen truke.
Larunbatean, Nigeriak eta horren inguruko lau herrialdeek (Niger, Txad, Togo eta Benin) talde terroristari gerra deklaratzea adostu zuten. Frantziaren, Ameriketako Estatu Batuen eta Erresuma Batuaren babesa izango dute horretarako.
Boko Haram (“hezkuntza ez-islamikoa bekatua da” esan nahi du bertako hizkuntzan) Nigerian xaria edo lege islamikoa inposatu nahian ari da borrokan. Nigeria iparraldean musulmanak dira nagusi, eta kristauak, berriz, hegoaldean.
Poliziak 2009an Boko Haram taldeko burua (Mohamed Yusuf) hil zuenetik, erradikalek kanpaina odoltsua egin dute. Dagoeneko, 3.000 pertsona baino gehiago hil dira horren ondorioz.