Mundua -
Udal hauteskundeak
Hautesleek eta abstentzioak Hollanderen ezkerra zigortu dute
Tradizioz ezkerraren agintepean izan diren zenbait hiri garrantzitsu alkate eskuindarrak izango dituzte orain. Parisen, hala ere, Anne Hidalgo sozialista izango da alkate berria.
Erredakzioa
François Hollande presidentearen alderdi sozialistak zigorra jaso du Frantziako udal hauteskundeen bigarren itzulian.
Lehen datuen arabera, tradizioz ezkertiarren eskuetan izan diren zenbait hiri garrantzitsu (Saint-Étienne, Reims, Limoges, Amiens) eskuindarren agintepean izango dira.
Hauteslekuen sarreran egindako inkestek eta lehen datu ofizialek diotenez, ezkerrak botoen % 42 lortu du, eta UMP zentro-eskuineko alderdiak, berriz, % 49. "UMP da Frantziako lehen alderdia", adierazi du Jean-François Copé UMPko jarduneko presidenteak.
Limoges hirian gertatutakoa Frantzia osoaren egoeraren eredu da: ezkerra boterean zen 1912. urtetik, baina oraingoan Emile-Roger Lombertie UMPko hautagaia Alain Rodek sozialistari gailendu zaio.
Tolosan ere eskuinera egin dute; Jean-Luc Moudenc eskuindarrak % 51ko babesa erdietsi du, Pierre Cohen orain arteko auzapeza (botoen % 49) atzean utzita. 2008ko hauteskundeetako bigarren itzulian ere emaitza estua izan zen, baina kontrakoa.
Abstentzioa izan da hauteskundeetako protagonistetako bat. Estatistika enpresen arabera, % 38 ingurukoa izan da, V. Errepublikako handiena.
Anne Hidalgo, Parisko alkate berria
Anne Hidalgo sozialisten hautagaia izango da Parisko alkate berria, botoen % 54,5 lortuta, Ifop estatistika enpresaren arabera.
Hidalgo, Cadizen jaioa, Natalie Kosciusko-Morizeti nagusitu zaio. Hautagai eskuindarrak % 45,5eko babesa jaso du.
Ultraeskuindarren gorakada
Bestalde, Fronte Nazionala (FN) alderdi ultraeskuindarrak sei udalerritan aginduko du, gutxienez: Fréjus (Var), Hayange (Moselle), Villers-Cotterêts (Aisne), Cogolin (Var), Hénin-Beaumont (Pas-de-Calais) eta Lens (Pas-de-Calais) udalerrietan, hain zuzen.
Lehen itzulian arrakasta handia lortu zuen Marie Le Penen alderdiak; izan ere, 315 hautagai sartu zituen bigarren itzulian. Fronte Nazionala alderdi bozkatuena izan zen 24 udalerritan.