Mundua -
Murizketak
Gobernua aldatzen badu ere, doikuntza-politika mantenduko du Hollandek
Datorren astean Jean-Marc Ayrault lehen ministroa aldatuko duelaren zurrumurruak gero eta indar gehiago du.
François Hollande Frantziako presidenteak kotizazio-sozialen eta gastu publikoaren murrizketa masiboa mantenduko du, igande honetako hauteskundeen bigarren itzuliaren ostean Gobernua aldatzen badu ere. Lehen itzulian espero baino boto gutxiago jaso zituzten sozialistek eta horri erantzun moduan etorri daiteke.
Gobernuaren bi izen garrantzitsuk (biak ala biak, sozialistak), Laurent Fabius Atzerri ministroak eta Michel Sapin Lan ministroak, bat egin dute ideia horrekin, baina ez dute ahoz-aho dabilen zurrumurru bat konfirmatu: datorren astean Hollandek Jean-Marc Ayrault lehen ministroa aldatu dezakeela.
Sapinek "RMC" eta "BFM TV" kateetan elkarrizketa bat eskaini du eta adierazi du Errepublikako presidenteak ez duela eztabaida publikoan parte hartuko igandeko botazioa baino lehen, baina "gero, argi dago (...) egingo duela", bere iritziak azaltzeko, baina "ez halabeharrez" lantalde berarekin.
Lan ministroak adierazi du "norabidea mantendu" behar dela eta batez ere apirila amaieran jakinaraziko den "erantzukizun ituna". Enpresen kotizazio sozialen jaitsiera suposatuko du, 30.000 milioi eurokoa.
"Hori ez da makilatxo miragarri batekin egiten", adierazi du. Izan ere, urtarrilean iragarri zen eta oraindik zehaztu gabe dago. Gainera, kotizazioen jaitsierak ez omen du zergen igoera ekarriko, esan duenez, gastu publikoan "aurrezteko" aukera emango baitu. Hori "ekonomiari kalte egiten ez dioten baldintzetan" egin behar da ministroaren ustez.
Apirila erdialdean Frantziak gastu publikoaren 50.000 milioi euroko murrizketa plana aurkeztea espero du Europar Batzordean, defizit helburua lortzeko.