Mundua -
Ukraina
Yanukovich bilatzeko eta atxilotzeko agindua, hilketak leporatuta
Barne Ministerioak iragarri du prozesu judiziala abiatu dutela kargugabetu berri duten presidentearen kontra, "hilketa masiboa" egitea egotzita.
Erredakzioa
Ukrainako Barne Ministerioak iragarri du kargugabetu berri duten Viktor Yanukovich presidente ohia bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman dutela, "hilketa masiboa" egitea egotzita.
"Zigor prozedura abiatu dugu herritar baketsuen kontrako hilketa masiboagatik. Yanukovich eta beste goi kargudun ohi batzuk bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman dugu", iragarri du Asden Avakov Barne ministroak Facebooken.
Aurretik, Ukrainako Segurtasun Zerbitzuak esan du ez dakiela non dagoen Yanukovich, baina herrialdean jarraitzen duela uste du.
"Une honetan Yanukovich ez dago atxilotuta, eta oraindik ez dakigu non dagoen", adierazi dio zerbitzu sekretuak Ukrinform albiste-agentziari. Hala, gezurtatu egin du agintari ohia Crimean atxilotu dutela edo Sebastopoleko portutik itsasoz ihes egiteko asmoa duela.
Asteburuan Ukrainako agintariek jakitera eman dutenez, presidente ohia hegazkin pribatu batean saiatu zen ihes egiten, baina mugako agintariek ez zuten bidaia egiteko baimena eman.
Hala eta guztiz ere, Arsen Avakov jarduneko barne ministroak esan du Crimean ikusi zutela azkenekoz Yanukovich, kide batekin batera autoan bidaiatzen.
35.000 milioi dolarreko laguntza eskatu dute
Ukrainako agintari berriek iragarri dute 35.000 milioi dolarreko laguntza beharko dutela 2015 amaiera arte herrialdearen egoera ekonomikoa egonkortzeko.
"Egunotan Europar Batasuneko enbaxadoreekin, AEBekin eta beste herrialde batzuekin hitz egin dugu, baita nazioarteko finantza erakundeekin ere, finantza laguntza jasotzeko", adierazi du Yuri Kolobov Ukrainako jarduneko Finantza ministro ordeak.
Bestalde, Kieveko Gobernuak nazioarteko konferentzia bat deitu nahi du Ukrainako ekonomia berritzeko eta erreformatzeko laguntzak bilatzeko.
Ashton oposizioko buruekin bildu da Kieven
Catherine Ashton EBko Kanpo Politikako eta Segurtasun goi ordezkaria oposizioko hiru alderdi nagusietako buruekin bildu da astelehen honetan, Europar Batasunaren babesa eztabaidatzeko testuinguru berrian.
Azken gertakariek Ukrainan herrialdeko krisiari buelta bat eman diote, Viktor Yanukovich Ukrainako presidenteak eta oposizioko hiru buruek akordio bat sinatu ostean, Frantziako, Alemaniako eta Poloniako ministroek bultzatuta.