Mundua -

Siriako gatazka

Giza-laguntza astelehenean helduko da Siriara, bitartekariaren arabera

Bi aldeak Genevan bildu dira gaur, bake negoziazioen lehen txandan. Datorren astearen amaierara arte iraungo dute bilerek.

Genevako bilerek datorren astera arte iraungo dute. EiTB
Genevako bilerek datorren astera arte iraungo dute.
Genevako bilerek datorren astera arte iraungo dute. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurreikuspenak betetzen badira, giza-laguntza astelehenean helduko da Siriako Homs hiriko alde zaharrera, Nazio Batuen Erakundeak eta Liga Arabiarrak Siriako gatazka bideratzeko aukeratutako Lajdar Brahimi bitartekariak jakinarazi duenez. Homseko alde zaharra erreboltarien kontrolpean dago, baina Bashar Al Assaden erregimenaren indarrek gertutik zelatatzen dituzte. Siriako Gobernuak eta oposizioko buruek larunbat honetan izan dituzten bileretan hartu dute erabakia.

Duela hiru urte gatazka armatua hasi zenetik lehen aldiz, Siriako Gobernuaren eta oposizioko buruen arteko bilera izan da gaur. Genevan, Nazio Batuen Erakundearen egoitzan bildu dira agintariak, Corinne Momal-Vanian bozeramailearen arabera.

Gela berean egon arren, Gobernuko eta oposizioko ordezkariek ez dute zuzenean hitz egin elkarrekin; Lajdar Brahimi bitartekariak soilik hartu du hitza.

Goizeko bilerak ordu erdi iraun du, eta arratsaldekoak bi orduko iraupena izan du.

Hadi al Bahra oposizioko negoziazioen buruak adierazi duenez, Brahimi izan da hitz egin duen bakarra, eta 'Genevako adierazpena' aplikatzeari buruz mintzatu da, herrialdean aldi baterako Gobernua ezartzea azaltzen duena.

Igandean jarraipena emango diete negoziazioei eta mahai gainean presoen gaia izango dute. Gaur egun, Armadaren eta matxinoen esku dauden presoak askatzea negoziatuko dute.

"Presoen eta bahituen gaia eztabaidatuko dugu, eta horiek aske uzteko aukerak aztertuko ditugu. Agian, ez dugu denak askatzea lortuko, baina gutxienez batzuk askatzea lortuz gero...", adierazi du bitartekariak.

Datorren astearen amaierara arte iraungo du bake negoziazioen lehen txandak, Brahimiren arabera. Orduan, bilerak etengo dira egun batzuetarako, eta geroago ekingo diote berriro.

'Geneva 1', negoziaketaren oinarria

Brahimik adierazi du negoziazioaren oinarria 2012ko ekainean sinatutako 'Geneva 1' adierazpena dela "ulertzen eta onartzen" dutela bi aldeek, baina Gobernuak eta oposizioak zenbait puntutan "desadostasunak" dituztela onartu du.

Bitartekariak ez du eztabaiden edukia azaldu, ezta gai-zerrenda ere. Hala ere, gatazkaren "ardatzak" eztabaidatu ez dituztela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gerra Sirian albisteak