Mundua -

EB-ko txandakako presidentetza

Greziak segurtasun neurriek gotortuta abiatu du EBren presidentetza

Herrialdeko Gobernuak hainbat arlotan aurrera egiteko baliatu nahi du seihileko hau, hala nola hazkunde ekonomikoan eta enpleguan, banku batasunean, immigrazio politikan eta itsas estrategia komunean.

Europar bandera bat, Partenoiaren aurrean. Argazkia: Efe.
Europar bandera bat, Partenoiaren aurrean. Argazkia: Efe.
Europar bandera bat, Partenoiaren aurrean. Argazkia: Efe.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andonis Samaras Greziako lehen ministroak eta Europar Batasuneko agintari gorenek Greziak presidentetzan emango duen aldia abiatzeko ekitaldi ofiziala dute gaur Atenasen. Herritarren eskari eta protestetatik isolatuta egingo dituzte berekikoak, segurtasun neurri zorrotzek gotorleku bilakatu baitute Greziaren agintaldiari hasiera emateko eremua.

2.000 polizia, frankotiratzaileak eta helikopteroak erabiliko dituzte agintarien segurtasuna zaintzeko. Hiriburuko erdigunearen azalera handi batean eta erdialdea aireportuarekin lotzen duten etorbideetan bertan behera utzi dute manifestazioak egiteko eskubidea, "istiluak saihesteko".

Evangelos Venizelos Atzerri ministroaren esanetan, "herritarrek beren ikuspuntuak modu dinamikoan adierazi ahal dituzte, baina guk babesa bermatu behar dugu"; nazioarteko agintariak egongo direla eta segurtasun neurriak horregatik handitu dituztela azaltzeko egin ditu adierazpen horiek Venizelosek.

Greziaren presidentetzak egitasmoak garatzeko zenbait oztopo, hainbat muga, izango ditu: hartzekodunen troika etengabe izango du zama Gobernuak, eta, gainera, maiatzean Euroganbera osatzeko hauteskundeak izango direnez, ohi baino seihileko "laburragoa" izango dute greziarrek asmoak garatzeko.

Hala ere, Atenasek asmo handiak jaso ditu egitarauan, eta aurrerakada handia egin nahi du, Europa hegoaldeko herrialde guztientzat berebiziko garrantzia duten lau zutabetan oinarrituta: hazkunde ekonomikoa eta enplegua, banku batasuna, immigrazio politika eta itsas estrategia komuna.

Greziak gazteen langabeziaren aurkako programei bultzada nabarmena eman nahi die, "Europa hegoaldeko gaitzik handienetakoa baita". Halaber, banku batasunaren egitasmoan ere hobekuntzak egin nahi ditu, kredituen kostuan iparraldearen eta hegoaldearen artean dauden aldeak orekatu eta, horrela, enpresa txiki eta ertainen likidezia hobetzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea