Mundua -
Immigrazioa
Lampedusan immigranteak nola tratatzen dituzten ikertuko dute Italian
Enrico Letta lehen ministroak Lampedusan etorkinak nola hartzen dituzten ikertzeko konpromisoa hartu du, bideo batek agintariak hainbat etorkin biluzi mahuka batez kalean fumigatzen erakutsi eta gero.
Erredakzioa
Enrico Letta Italiako lehen ministroak Lampedusako Atzerritarrentzako Zentroko bizi baldintzak "sakon" aztertuko dituztela iragarri du, italiar uharteko kostaldean 110 etorkin erreskatatu dituzten egunean bertan.
RAI Italiako kateko albistegiak Lampedusako zentroko bideo bat erakutsi zuen atzo. Horretan ikusten zenez, agintariek etorkinak ilaran jartzen dituzte patioan, kalean, biluzik, eta urez eta hazteriaren aurkako likido batez fumigatzen dituzte mauka batez, nahiz eta, La Repubblica egunkariak esaten duen bezala, etorkinetako batek ere ez duen gaixotasun horren inolako zantzurik erakusten.
Lehen ministroaren hitzetan, "oso larriak" dira irudi horiek, eta auzia "sakon" ikertzeko hitza eman du. Gertakari horiek egiaztatu eta zentroko baldintzen arduradunak zigortzea izango dute helburu.
Irudiak bereziki mingarriak dira orain, hain zuzen ere Gobernuak, urrian Mediterraneoko uhartera heltzeko saiakeran 360 pertsona hil eta gero, Lampedusara heldutakoen bizi baldintzak hobetuko zituela agindu eta gero.
Politikariek eta errefuxiatuen defendatzaileek irudiak kritikatu dituzte. Laura Boldrini Diputatuen Ganberako presidenteak "laidogarri eta herrialde zibilizatu batentzat duintasungabetzat" jo du tratua.
Bestalde, Giusi Nicolini Lampedusako alkateak desinfektatzeko modu hori eta kontzentrazio esparruetan erabiltzen zutena parekatu ditu. "Osasun jarduerak ez dira aire librean egiten, pertsonak mahuka batez bustiz", kritikatu du. Alkatearen aburuz, "Lampedusa eta Italia osoa lotsatuta daude".
110 pertsona erreskatatu dituzte
Horrez gain, etorkin bat hil da eta Italiako Itsas Armadak 110 erreskatatu ditu Lampedusako kostaldean, itsasontzi batean zihoazen Ghana, Mali, Togo, Gambia eta Pakistango hainbat pertsonari laguntzeko operazio batean.