Mundua -

Hondoratzea Italian

211 dira Lampedusan hildakoak, beste 17 hilotz berreskuratu ondoren

Hala ere, baliteke uretan beste 150 hildako egotea. Izan ere, 518 pertsona zeuden itsasontzian, onik irten diren 155 lagunek emandako datuen arabera.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Italiako segurtasun indarretako urpekariek 17 hilotz berreskuratu dituzte astelehen honetan Lampedusan hondoratutako itsasontzitik, eta, hala, 211 dira orain arte ezbehar horretan hildako lagunak, datu ofizialen arabera.

Zehazki, bi emakumeren hilotzak berreskuratu dituzte itsasontziaren aginte-postutik, eta beste 50 lagunen gorpuak atera dituzte ontziaren inguruetatik.

Joan den ostegunean izan zen ezbeharra, Lampedusa uharte parean, eta ontzia 50 bat metroko sakoneran dago.

Ostiralean eta larunbatean, hilotzak berreskuratzeko lanak eten egin behar izan zituzten, eguraldiaren eta itsasoaren egoera txarra dela-eta. Atzo bertan abiatu zituzten berriz lanak.

Litekeena da beste 150 hilotz egotea oraindik urpean

Ezbeharretik onik irten diren 155 lagunen testigantzen arabera, 518 lagun zeuden ontzian, eta, ondorioz, litekeena da oraindik beste 150 hilotz urpean egotea.

"Hilotzak bata bestearen gainean daude. Gizon eta emakume mordoa dago ontziaren sotoan'', azaldu du urpekarietako batek, Italiako komunikabideek kaleratutako informazioaren arabera.

"Hilotzak blokeatuta dauden han behean, eta banan-banan atera behar ditugu. Baina oraindik asko dira ontziaren inguruetan daudenak, eta are gehiago izango dira bilaketa eremua zabaltzen dugunean'', gaineratu du urpekari horrek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea