Mundua -
Siriako gatazka
Errusia eta AEBen arteko akordioak erreakzio uholdea eragin du
Halere, herrialde gehienak mesfidati agertu dira eta hitzetatik ekintzetara berehala pasatzea espero dute.
Erredakzioa
Hainbat herrialdetako agintariek Errusiak eta AEBek Siriaren inguruan lortutako akordioa baloratu dute, Al Axaden erregimenak arma kimikoak erabili ostean zabaldutako gatazka dela eta.
NBE
Ban KI-Moon Nazio Batuen Erakundearen (NBE) idazkari nagusia "itxaropentsu" azaldu da eta lortutako akordioak "konponbide politikoari bidea zabaltzea" espero duela adierazi du.
Ohar baten bidez, NBEko idazkari nagusiak ziurtatu egin du nazioartearen erakundea akordioa aplikatzearen alde agertuko dela eta Sirian behin-betiko arma kimikoak erabiltzeari uko egin diezaioten espero du.
Alemania
Angela Merkel Alemaniako kantzillerrak txalotu egin du AEBek eta Errusiaren arteko akordioa, "itxaropen apur" bat dela uste du baina, ohartarazi duenez, hitz politen ostean "ekintzak" heldu behar dira.
Datozen egunotan ikusiko da "albiste on honen" ostean datorrena, esan du Merkelek, Maguncia hirian egindako hauteskunde-kanpainaren baitan egindako ekitaldi batean.
Erresuma Batua
Willian Hague Kanpo Arazoetarako ministro britainarraren esanetan, pozik jaso du Ginebran sinatutako akordioaren albistea eta "ezartzea" eskatu du.
Frantzia
Laurent Fabius Frantziako Kanpo Arazoetarako ministroak "aurrerapauso garrantzitsutzat" jo du lortutako akordioa.
Halere, Fabiusek azpimarratu du ez dutela erabaki bat hartuko NBEk ikertzaileen txostena kaleratu arte, "Damaskoko sarraskiaren" inguruan, alegia, abuztuaren 21ean izandako eraso kimikoaren inguruan, non ehunka lagun hil ziren, Frantziako prentsak zabaldu duenez.
Kuba
Fidel Castro Kubako presidente ohiak Errusiaren "ekimen zentzuduna" goraipatu du Sirian erasoaldi bat saihesteko, baita Moskuk AEBen aurrean erakutsirako irmotasuna ere, hedabide ofizialek uhartean zabaldu duten artikulu batean.
"Gatazkak eztanda egiteko arriskuak behera egin du, Errusiaren ekimen zentzudunari esker, AEBen Gobernuaren asmoen aurrean irmo mantendu zelako. AEBen Gobernuak Siriako defentsen kontrako eraso baten mehatxua egin zuen, herri siriarrean hainbat hildako eragiteko arriskuarekin eta espero ezin zitezkeen ondorioen arriskurekin", esan du Castrok.
.