Mundua -

Siriako gatazka

Errusiaren proposamena aurrerapauso positiboa dela uste du Obamak

Arma kimikoen kontrola baimendu dezan eskatu dio Errusiak erregimenari, eta Siriak begi onez ikusi du proposamena.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Siriak arma kimikoak nazioarteko ordezkarien kontrolpean uzteko proposamena aurrerapauso ''positiboa'' dela esan du astelehen honetan Barack Obama AEBetako presidenteak. Aukera hori serio aztertuko dutela aurreratzeaz gain, atzerapena bilatzen duten taktiken inguruan ere ohartarazi du AEBetako presidenteak.

"Baliteke aurrerapauso bat ematea, baina horri jarraipena eman behar zaio. Ez dugu nahi presioa gainetik kentzeko erabakia atzeratzea besterik bilatzen ez duen taktikarik'', esan du CNN katean eskaini duen elkarrizketan.

Ildo horretan, Hillary Clinton AEBetako estatu idazkari ohiak ere esan du Siriako erregimenak armak entregatzea ''aurrerapauso garrantzitsua'' litzatekeela.

Obamaren elkarrizketa kaleratu aurretik, Errusiak aurkeztutako proposamena aztertuko duela iragarri du AEBetako Gobernuak. Hala ere, Siriako erregimenak proposamen hori beteko duen zalantzak ere agertu dituzte.

Errusiaren proposamena

Nazioarteko herrialdeekin kooperatu eta arma kimikoen kontrola eta deuseztapena baimendu dezan eskatu dio Siriako erregimenari Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak.

"Erregimenaren arma kimikoak kontrolpean jartzeak Siriako erasoa ekidingo badu, Errusiak berehala egingo du bat Damaskori elkarlanean aritzea eta armak suntsitzea eskatzeko prozesu horrekin'', esan du ministroak.

John Kerry AEBetako estatu idazkariak egindako eskaintza dela-eta egin du adierazpena Errusiak. Izan ere, AEBek ez dute Siriaren kontrako erasorik egingo Damaskok bere arma kimiko guztiak entregatzen baditu, Kerryk aurreratu duenez.

Horren aurrean, ''arma kimikoen gordelekuak nazioarteko ordezkarien kontrolpean uztera, arma horiek suntsitzera eta Arma Kimikoen Debekurako erakundearekin bat egiteko'' eskatu dio Errusiak Siria.

Ministroak azaldu duenez, Siriako gatazkari oraindik ''irtenbide politikoa'' emateko aukera dagoela uste dute Moskuk eta Damaskok.

Siriak begi onez ikusi du proposamena

Walid Muallen Siriako Atzerri ministroak, bestalde, begi onez ikusi du proposamena. ''Siriako Errepublikak begi onez hartu du Errusiaren ekimena'', adierazi du.

Frantziaren ustez proposamena ''onargarria'' izan daiteke

Laurent Fabius Frantziako Atzerri ministroak esan du Errusiak egin duen proposamenak ''azterketa merezi'' duela, eta ''onargarria'' litzatekeela, hiru baldintzapean: Lehenik eta behin, Bachar al Asadek ''berehala hartu beharko luke arma kimiko guztiak nazioarteko ordezkarien esku jartzeko konpromisoa''. Bestalde, operazioak NBEren Segurtasun Kontseiluaren ebazpen bat izan beharko luke lagun. Azkenik, ''abuztuaren 21eko sarraskiaren erantzuleak Nazioarteko Auzitegi Penalaren esku'' geratu beharko lirateke.

Alemaniak eta beste 13 herrialdek AEBen adierazpenarekin egin dute bat

14 herrialdek, tartean Alemaniak, joan den ostiralean Etxe Zuriak kaleratu zuen idatziarekin egin dute bat. Bertan, ''nazioartean erantzun sendoa'' eskatzen dute 25 herrialdek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea