Mundua -

Gatazka Sirian

AEBetako Kongresuko zatiketak kolokan jarri du Siriaren aurkako erasoa

Alderdi Errepublikanoko mugimendu kontserbadoreenak eta Alderdi Demokratako progresistenak balizko erasoaren aurka daude.

Barack Obama AEBetako presidentea. EFE
Barack Obama AEBetako presidentea. EFE
Barack Obama AEBetako presidentea. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBetako Gobernua Siriaren aurkako balizko erasoaren aldeko kanpaina egiten hasi da, Bachar Al Asaden Erregimenak arma kimikoak erabili dituela salatuta.

John Kerry AEBetako Estatu idazkariak egin zuen atzo salaketa, hainbat telebista-katetan. Hain zuzen ere, abuztuaren 21ean Siriako Erregimenak egin zuen erasoan (gutxienez 1.429 pertsona hil zituzten, Damaskon) sarin gasa erabili zuela zehaztu zuen.

Barack Obama AEBetako presidenteak Siriari erasotzeko asmoa agertu du, arma kimikoak erabiltzea "muga gorri"tzat jo baitzuen iaz, baina, lehenik eta behin, baimena eskatuko dio Kongresuari.

Hori bai, ez dago batere argi zer gertatuko den Kongresuak ezezkoa ematen badio. Horren ildotik, Obamak erasoa abiatzea erabakitzeko "ahalmena" duela esan du Kerryk, hau da, Kongresuak baimena eman edo ez. Etxe Zuriko hainbat funtzionariok ere iritzi berbera agertu dute.

Kongresuari baimena eskatuta, zilegitasun handiagoa lortu nahi du Obamak, orain arte Frantzia baino ez baita erasoaren alde agertu. Gainera, kontuan hartu behar da Behe Ganberan Alderdi Errepublikanoak gehiengoa duela, eta, beraz, horren babesa beharko duela.

Oraingoz, Alderdi Errepublikanoko mugimendu kontserbadoreena, Tea Party, eta Alderdi Demokratako diputatu progresistenak erasoaren aurka agertu da.

"Bozketa une honetan egingo bagenu, ezezkoak irabaziko lukeela uste dut", adierazi du Peter King diputatu errepublikanoak.

Obamak Netanyahuri deitu zion

Bestalde, Haaretz egunkari israledarrak jakinarazi duenez, Obamak Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari deitu zion larunbatean, Siriaren aurkako erasoa atzeratu egingo duela ohartarazteko.

Kazeta horren arabera, Obamak Etxe Zurian agerraldia egin baino lau ordu lehenago egin zion deia, Israeli defentsa militarrak prestatzeko denbora emateko. Izan ere, Siriaren aurkako erasoa abiatzen badute, Al Asaden Erregimenak Israelen aurka egingo duela uste dute.

Israelgo Armadak hainbat egun daramatza alertan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea