Mundua -

Arma kimikoak

Siriaren inguruan ez duela erabakirik hartu esan du Obamak

Londresek NBEren ebazpenari itxarongo diola iragarri du. NATOk Siriako erregimenari egotzi dio eraso kimikoa, eta Ban Ki-moonek, bestalde, bide diplomatikoa lehenetsi du, militarraren gainetik.

Barack Obama AEBetako presidentea (artxiboko irudia).
Barack Obama AEBetako presidentea
Barack Obama AEBetako presidentea (artxiboko irudia).

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sirian eraso militarra egiteko aukeraren inguruan oraindik erabakirik hartu ez duela esan du asteazken honetan Barack Obama AEBetako presidenteak. Hala ere, argi utzi du Bachar al Asaden erregimenari leporatzen diola arma kimikoak erabiliz zibilen kontra egindako erasoa, eta, hori dela-eta, kontuak eman beharko dituela.

''Ez dut erabakirik hartu. Gure indar armatuek hainbat aukera jarri dizkidate mahai gainean, eta eztabaida luzeak izan ditut segurtasun nazionalaz arduratzen den lantaldearekin'', esan du Obamak PBS telebista kate publikoan egin duen elkarrizketan.

Presidenteak azaldu duenez, ez du "Sirian amaiera irekia izango duen gatazka bat" edo "Iraken errepikapen bat" nahi. Hori horrela, eraso egitea erabakitzen badu, erasoa "mugatua" izango dela eta helburua Al Asadi arma kimikoak ezin direla erabili gogoratzea izango dela azpimarratu du.

"Horrek mesede egin diezaioke gure segurtasun nazionalari epe luzean, eta mesedegarria izan daiteke, era berean, arma kimikoen erabilera oztopatuko duelako aurrerantzean", adierazi du Obamak.

AEBetako presidenteak gaineratu du kezkatuta dagoela arma kimikoak "erakunde terroristen" esku gera daitezkeelako, eta arma horiek "gure kontra erabiltzeko" arriskua dagoelako. Iritzi publikoaren aurrean balizko erasoa justifikatzeko argudioak aurkeztu ditu horrela.

Txinak ohartarazi du erasoak egoera okertuko duela

Bestalde, Txinako Gobernuak lasaitasunerako deia egin du, eta, AEBek eta bere aliatuek Siriari eraso egiten badiote, Ekialde Hurbileko "ezegonkortasuna" areagotuko dutela ohartarazi du.

Wang Yi Atzerri Gaietarako ministroak prentsa-agiri batean azaldu duenez, "irtenbide politikoa izan da, hasiera hasieratik, Siriako gatazkari aterabidea emateko aukera bakarra".

"Atzerritarren eraso militarra NBEren gutunaren printzipioen eta nazioarteko harremanen funtsezko arauen aurka joango litzateke", azpimarratu du.

Londresek NBEren ebazpenari itxarongo dio

Parlamentu britainiarrak, bestalde, ez du Sirian balizko esku-hartze militar baten inguruko erabakirik hartuko NBEren ikuskatzaileen txostena izan arte, Erresuma Batuko Gobernuak ostegun honetan erabaki duenez.

David Cameron lehen ministroak biharko bozketaren inguruko iritzia aldatu behar izan du azken orduan, oposizioa Nazio Batuen ebazpenik gabe eraso egitearen kontra agertu baita.

Oporraldia eten eta urgentziazko saio batean, Errseuma Batuaren erantzuna bozkatzeko bilduko da ostegun honetan Parlamentu britainiarra.

Edonola ere, Erresuma Batuaren esku-hartzea zuzenean onartzeko bigarren bozketa bat egin beharko dute, behin NBEren txostena jakinda.

Bestalde, 1.000 lagun inguruk protesta ekitaldia egin dute asteazken honetan Cameron egoitzaren aurrean, Sirian egitekoak diren balizko eraso militarraren aurka. YouGov etxeak egindako inkesta baten arabera, britainiarren % 74k baztertu egiten dute Sirian eraso militarra egitea.

NBEko ikuskatzaileak hotelera itzuli dira balizko erasoaren hainbat gune bisitatu ondoren

Sirian arma kimikoen erabilera ikertzen ari den NBEko aditu taldea Damasko erdiguneko hotelera itzuli da, asteazken honetan balizko erasoa izandako hainbat gune bisitatu ondoren.

Atzo bertan behera utzi zuten gune horietara egin beharreko bisita segurtasun arrazoiak tarteko. Astelehenean eraso egin zieten NBEko ikuskatzaileak zihoazen konboiari, baina inor ez zen zauritu.

Akordiorik gabe amaitu da NBEko Segurtasun Kontseiluko Batzorde Iraunkorraren bilera

NBEko Segurtasun Kontseiluko Batzorde Iraunkorra osatzen duten AEB, Errusia, Txina, Erresuma Batua eta Frantzia herrialdeek bilera egin dute gaur Erresuma Batuaren proposamena aztertzeko, baina adostasunik gabe amaitu da bilera.

Zibilak eraso kimikoetatik babesteko, beharrezkoak diren neurriak hartzea proposatu du Cameronen Gobernuak. Halaber, arma kimikoen erabilera gaitzetsi du eta NBEri erantzukizuna hartzea eskatu dio.

Errusia bestalde, Siriaren kontrako balizko erasoaren aurka agertu da azken egunotan.

Eraso militarra egiteko beharrezkoa da NBEko Segurtasun Kontseiluaren baimena

Lajdar Brahimi Siriako nazioarteko bitartekariak gogorarazi duenez, herrialdean eraso militarra egiteko beharrezkoa da NBEko Segurtasun Kontseiluaren baimena jasotzea. "Nazioarteko zuzenbidea argia da honen inguruan, eta ekintza militarrak Segurtasun Kontseiluaren erabakiaren ondoren iritsiko direla esaten du", adierazi du Brahimik prentsaurreko batean.

Ban Ki-moon, eraso militarraren aurka

Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak Siriako gatazka bide diplomatikotik konpontzeko deia egin du, eta eraso militarraren aukera gaitzetsi du. Era berean, adituek ustezko eraso kimikoaren inguruko ikerketa amaitu arte itxaroteko eskatu du. Azaldu duenez, adituek lau egun beharko dituzte ikerketa amaitzeko.

"Eman diezaiogun aukera bat bakeari, eman diezaiogun aukera bat diplomaziari", adierazi du Banek Hagan.

Agintari hegokorearrak salatu du bide militarra ez dela irtenbidea, eta honakoa gaineratu du: "Logika militarrak erabateko suntsipenaren atarian utzi du herrialdea, negoziaziorako bide guztiak aztertu behar ditugu".

"Zertarako bizitu behar dugu sua?", galdetu du Banek diplomaziarako deia egite aldera.

Bestalde, NBEren idazkari nagusiak azaldu duenez, adituek "denbora behar dute" ustezko eraso kimikoa ikertzeko. Hala ere, "arma kimikoen erabilera" gaitzetsi du, izan ere, "nazioarteko legediaren urraketa ankerra da hori".

NATOk Siriako erregimenari egotzio dio eraso kimiko

Kontseilu Atlantikoan, NATOko enbaxadoreek gaia aztertu egin dute, hileroko batzarrean. NATOren iritziz, Bachar Al Asad Siriako agintariarena da eraso kimikoaren erantzukizuna. Gertaera "onartezina" dela gaineratu du. "Ezin da erantzunik gabe utzi", gaineratu du.

Anders Fogh Rasmussen idazkari nagusiak Siriako auzia "hurbiletik" jarraituko dutela jakinarazi du, "eraso kimikoak nazioartearen bakea eta segurtasuna arriskuan jartzen dutelako"

Siria "inbaditzaileen hilerri" bihurtuko dela ohartarazi du Al Assaden Gobernuak

Iragan asteko eraso kimikoa errebeldeek egin zutela erakusten duten frogak aurkeztu dizkiotela jakinarazi du Al Asad-en Gobernuak, eta Siria "inbaditzaileen hilerri" bihurtuko dela ohartarazi du Wael al Halqi Siriako lehen ministroak. AEBei eta haren aliatuei eraso militarra justifikatzeko "argumentu faltsuak" erabiltzea egotzi die lehen ministroak.

"Hala ere, herrialdea ez da inbaditzaileen mehatxuekin beldurtuko, eta munduko inongo indarrek ezingo dute garaitu", nabarmendu du.

Siria krisitik indarberrituta aterako dela iritzi dio Al Halqiik, eta Mendebaldearen "gezurrei" Siriako herriaren erresistentziarekin, batasunarekin eta armadari emandako babesarekin erantzungo diela gaineratu du.

Bestalde, eraso militarra justifikatzeko gezurrak erabiltzea egotzi die AEBei, Israeli eta Mendebaldeko herrialdeei. Horren esanetan, Siriaren kontrako gerra hauspotzen ari diren herrialdeak Iraken, Libanon eta beste nazio batzuetan sarraskiak eragin zituzten berberak dira.

Siriako Armada eraikin ofizialak jendez husten hasi da

Armadaren kuartelak eta Damasco erdiguneko segurtasun zerbitzuen egoitzak jendez husten hasi da Siriako armada, lekukoek jakinarazi dutenez.

Bestalde, Estatu Nagusiko eraikinetik, Aire armadako egoitzatik eta segurtasun zerbitzuko eraikin batzuetatik ere zenbait gauza ateratzen hasi dira.

Israelgo armadak erreserbako soldaduak deituko ditu

Israelgo armadak erreserbako soldaduak deitzea eta Israel iparraldeko aire bidezko defentsak indartzea erabaki du asteazken honetan, Sirian gertatu litekeenaren aurrean.

Siriaren balizko erantzun baterako prestatzen ari da Israel, Siriako Defentsa ministroak jakinarazi duenez.

Herritarrak bestalde, gas erasoen aurkako maskara bereziak erosten ari dira, nahiz eta bertako armadako iturriek ez duten baieztatu.

Errusiak ohartarazi du erasoak okertu egingo lukeela egoera

Serguei Lavrov Errusiako Atzerri Gaietarako ministroak Lajdar Brahimi NBEren Siriako bidali bereziarekin hitz egin du, eta Siriako gatazkari erantzun armatua emateak herrialdea bera eta eskualde osoa ezegonkortuko lukeela ohartarazi dio.

"Lavrovek azpimarratu zuen Sirian ez dagoela beste aukerarik, eta irtenbide politiko-diplomatikoa bilatu behar dela, indarkeriak herrialdeko eta eskualdeko ezegonkortasuna areagotuko duelako", idatzi du Errusiako Gobernuak prentsa-agiri batean.

Atzo gauean telefonoz izandako elkarrizketa batean, Errusiako diplomaziaren buruak eta NBEren bidali bereziak bat egin omen zuten "egoera kritikoa" dela esatean, eta "atzerriko eragileek ardura handiaz jokatu behar dute eta iraganeko akatsak ez errepikatu".

Errusiako Gobernuak azpimarratu duenez, azken egunotan Siriaren egoera okertu bada "herrialde jakin batzuek egindako adierazpenen eta emandako pausoen ondorio" da, AEBek eta beste herrialde batzuek Bashar al Assadi eraso egiteko agertu duten asmoari erreferentzia eginez.

Errusiak ohartarazi du "ondorio latzak" izango direla NBEren babesik gabe Siriari eraso egiten badiote.

AEBek eraso kimikoaren frogak argitaratuko ditu aste honetan

Ustez, Bachar Al Assaden erregimenak arma kimikoak erabiltzen dituela frogatzen duten datuak argitaratuko dituzte AEBk aste honetan.

Antza denez, erasoaren egun berean dei bat atzeman zuten AEBetako inteligentzia zerbitzuek. 'Foreign Policy' argitalpenaren arabera, Siriako Defentsa Ministerioko arduradun batek armamentu kimikoaren arduradunetako bati deitu zion telefonoz izututa, kontuak eskatzeko.

Bestalde, AEBek ez dute uste NBEko Segurtasun Kontseiluan ebazpen bateratu bat adostuko dutenik.

Aste honetan izan daiteke AEBen erasoa

Siriaren kontrako lehen misilak "ostegunean bertan" jaurti ditzakeke AEBek, Etxe Zuriko goi-funtzionarioek NBC kateari esandakoaren arabera. Eraso militarrak iraupen mugatua izango luke, hiru egunekoa, eta Bachar al Assad presidenteari abisu bat emateko modua izango lirateke, ustez arma kimikoak erabilita egindako erasoen harian.

Egoera ikusita, Barack Obama presidentea nazioarteko aliatuekin harremanetan da Siriari buruz hartu beharreko erabakiak aztertzeko.

Horren harian, Etxe Zuriak esan du Barack Obama presidenteak ez duela zalantzarik Siriako erregimena dela arma kimikoak erabiliz egindako erasoaren erantzulea, eta eraso horri ''erantzuna'' eman behar zaiola. Hala ere, AEBetako presidenteak ez du oraindik erabaki Siriari zein erantzun eman. ''Erantzuna egokia'' izan behar dela eta berau aliatuekin hitz egin ondoren iragarriko duela aurreratu du Etxe Zuriak.

AEBetako armada, "erasorako prest"

Balizko erasoaren harian, AEBetako armada "erasorako prest" dagoela berretsi du Chuck Hagel Defentsako idazkariak.

"Soldaduak Siriako inguruetara eraman ditugu presidenteak hartzen duen erabakiari erantzuteko prest egoteko", esan du Hagelek BBCn egindako elkarrizketa batean.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea