Mundua -
Gatazka
'Siriari eraso eginez gero, Ekialde Hurbila sutan jarriko litzateke'
Siriako Gobernuak AEBei botatako mehatxua da. Bestalde, agente neurotoxiko bati lotuta dauden sintomak 3.600 gaixoengan ikusi dituela baieztatu du Mugarik gabeko Medikuak GKEk.
Erredakzioa
"Siriari eraso egitea ez da inorentzako picnic bat izango, eraso horrek ondorio larriak ekarriko lituzkeelako; Ekialde Hurbila sutan jarriko lukeen su-bola izango litzateke", ohartarazi die Siriako Gobernuak AEBei.
Siriako telebista-kate nazionalak Omran al Zubi Informazio ministroari eskainitako elkarrizketa zabaldu du. al Zubiren ustez, "AEBek egindako presioak denbora galtzea dakar, Siriak terrorismoaren aurkako borrokarekin azkeneraino jarraituko duelako".
Eraso kimikoaren zantzuak
Bestalde, Mugarik gabeko Medikuak (MSF) Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE) jakinarazi duenez, Damaskon ustez eraso kimikoa izan eta hiru ordura, 3.600 pertsonatik gora artatu zituen (kolaboratzaile diren hiru ospitaletan), agente neurotoxiko baten sintomak zituztela, eta horietatik 355 hil ziren, erakundeak ohar baten bidez zabaldu duenez.
Hiru ospital horietako mediku taldeak MSFri esan dionaren arabera, ustezko erasoa izan ostean, "eri asko heldu ziren ospitaletara hainbat sintomekin, listu gehiegi, arnasteko arazoak, ikusmen lausoa, begi nini uzkurtua eta dardarak", Bart Janssens MSFen operazioen zuzendariaren esanetan..
Gaixoei atropina eman diete, ondorio horiek arintzeko droga, alegia. MSF substantzia horren hornitzailea da. "Ospitalei 7.000 anpulu atropina ematen saiatzen ari gara", azaldu du MSFk, "eta gaixoak artatzeko laguntza eta material osagarria ere eman nahi dizkiegu".
Sirian arma kimikoak erabili diren argitzeko Nazio Batuen Erakundeak bertara bidaliko duen taldeari berehalako sarrera eskaintzea espero du erakunde horrek. "Azken erasoaren eta biktimek behar izan duten harrera handiaren ondorioz, jada hondagarria zen giza-egoerak okerrera egin du Sirian", deitoratu du Christopher Stokes Mugarik Gabeko Medikuen zuzendari nagusiak.
322 hildako, GKE baten arabera
Bestalde, Giza Eskubideen Siriako Behatokiaren arabera (OSDH), gutxienez 322 lagun, horietatik 54 haur eta 82 emakumezko, hil ziren asteazkenean Damaskoko auzoetan izandako erasoan.
Atentatua
Lehergaiak zeramatzan ibilgailu batek eztanda egin du Damaskoko erdigunean, eta horren ondorioz gutxienez bost lagun hil eta beste 25 zauritu dira, Siriako segurtasun indarrek jakinarazi dutenez.
Atentatua Burj al Rus auzo kristauan jazo da. Auto urdin batek eztanda egin du banketxe baten aurrean, eta uhin hedakorrak kalte handiak eragin ditu eraikinetan, ibilgailuetan eta dendetan.
AEB prest daude
Barack Obama AEBetako presidenteak Sirian ekintza militarrak egiteko prest egoteko esan dio Pentagonoari, Chuck Hagel Defentsa idazkariaren hitzetan. Hagelek ere iradoki duenez, isasontziak mugiarazten hasi dira prest egoteko.
Hagelek bere hegazkinean kazetariei esan dienaren arabera, Obamak agindu zehatzak eman dizkio Pentagonoari balizko ekintza militar bat prestatzeko. Horretarako AEBetako indar militarrak "birkokatu behar" dira presidenteak erabakiren bat hartzen duenerako.
"Defentsa Departamentuaren erantzukizuna presidenteari aukerak ematea da, edozein arazoren aurrean, eta horretarako gure indarrak mugitu behar ditugu, edozein aukera gauzatu ahal izateko, presidenteak aukeratu ahal izateko", gaineratu du Hagelek.
Nazio Batuen babesarik gabe, AEBetako balizko esku-hartze militarrari buruz, Obamak "zuhurtzia" eskatu du. "AEBetako Gobernuak ez du oraindik ebatzi Siriak arma kimikoak erabili ote dituen", zabaldu du Voz de America irrati-kateak.
AEBetako presidentea segurtasun nazionaleko aholkulariekin batzartu da Etxe Zurian Siriako aukera militarrak aztertzeko.