Mundua -
Tentsioa Korean
Ipar Koreak amarrutzat jo du Hegoaren elkarrizketa eskaintza
Pyongyang-eko Gobernuak oraingoz ez du onartu, aste honetan Hego Koreak luzatutako elkarrizketa proposamena.
Erredakzioa
Ipar Koreako Gobernuak amarru maltzurtzat jo du, Ipar Korearen eta Hego Korearen arteko tentsioa baretzeko, aste honetan Seulgo Gobernuak egindako elkarrizketarako eskaintza. Halaber, oraingoz Pyongyang-eko Gobernuak uko egin dio Seulekin elkarrizketak hasteari.
Korearen batasunerako Ipar Koreako batzordearen esanetan, eskaintzak ez du mamirik, eta amarru maltzur horrekin bere borroka-politika ezkutatu nahi izan du Hego Koreak.
Bestalde, proposamen horrekin atentzioa desbideratzea egotzi dio Ipar Koreak Hegoari. Pyongyang-eko Gobernuak uste du jarrera horrekin, Kaesongeko industriaguneko krisia ezkutatu nahi izan duela.
Kaesong industriaguneko krisia gainditzeko, Ipar Korearekin hitz egiteko asmoa agertu zuen duela bi egun Park Geun-hye, Hego Koreako presidenteak. Kaesongeko industriagunean produkzioa geldirik dago, Pyongyang-eko Gobernuak hala eskatuta: hasiera batean tokira bertaratzea galarazi zien hego korearrei, eta, geroago, sartzea debekatu zien iparraldekoei ere.
Martxoa hasieratik AEB eta Hego Korea hainbatetan mehatxatu ditu Pyongyang-eko Gobernuak, eta Kaesong industriagunearen itxiera izan da mehatxu horietako bat.
Ipar Koreak misilak mobilizatu zituela atzeman zuen Hego Koreako inteligentzia zerbitzuak. Zenbait adituren ustez, misilak bidaliko ditu Ipar Koreak datozen egunetan Kim Il-sung herrialdearen sortzailearen jaiotzaren urteurrena ospatzeko.
Krisiari irtenbidea emateko konpromisoa berretsi du Kerryk
John Kerry AEBetako Estatu idazkariak Asiako bira amaitu du Japonian. Ipar Koreako krisia dela eta egon da bertan aste osoan eta laguntzeko asmoa berretsi du, betiere Ipar Koreak arma nuklearren programari uko eginez gero.
"Ipar Koreak aurrerapausoak eman behar ditu. Washingtoneko lankideekin zeintzuk izan behar diren eztabaidatu nahi dut, baina argi dago pasuoak eman behar dituela", adierazi du.
Lasaitasunerako mezua nabarmendu du eta Ameriketako Estatu Batuek "Japonia eta Hego Korea aliatuak defendatzeko" behar den guztia egingo dutela esan du. "Ideia nagusia negoziatzea da, zonaldea bakean egoteko era bilatzeko".