Mundua -
Lehen emaitza ofizialak
Vujanovicek garaipena lortu du Montenegroko hauteskundeetan
Presidenteak botoen % 51,21 lortu ditu. Miodrag Lekic oposizioko hautagaiak bozen % 48,79 eskuratu ditu. Behin betiko emaitzak datozen hamaika egunetan jakinaraziko dituzte.
Erredakzioa
Filip Vujanovic presidentearen garaipena baieztatu dute aurreneko emaitza ofizialek gaur, Montenegron. Hauteskunde Batzordeak jakitera eman duenez, Vujanovicek botoen % 51,21 lortu zituen igandeko hauteskundeetan.
Lehen datuen berri prentsaurrekoan eman dute, Podgorica hiriburuan. Miodrag Lekic oposizioko hautagaiak bozen % 48,79 eskuratu ditu.
Behin betiko emaitzak datozen hamaika egunetan jakinaraziko dituztela iragarri du Hauteskunde Batzordeak.
Bi hautagaiek bart beraien buruak garailetzat jo zituzten.
Gainera, oposizioko hautagaiak irregulartasunak salatu zituen atzo. Garaipena lapurtzerik ez duela onartuko ohartarazi du gaur Lekicek. Herrietako hauteskunde materialaren gainean kontrol handiagoa eskatu du oposizioko hautagaiak, manipulazioak izan direlako.
Batzordeak irregulartasunen salaketarik jaso ez duela jakinarazi du Ivan Kalezic Hauteskunde Batzordeko presidenteak.