Mundua -
Tentsioa
Ipar Korea: mehatxuz eta liskarrez beteriko hilabetea
Nazio Batuek isun berriak onartu eta hilabetera, mehatxu nuklearrei eutsi die Ipar Koreak nazioarteko presioari muzin eginez.
Erredakzioa
Orain hilabete, Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak isun berriak ezarri zizkion Ipar Koreari, otsailaren 12an egin zuen hirugarren proga nuklearra eta gero.
Isunak jaso zituenetik, Pyongyangek mehatxu egin die ia egunero Seuli eta Washingtoni, eta gerra giroko erasoaldia hasi du. Era honetan, azken 31 egunetan, tentsioa maila gorenera iritsi da.
Martxoaren 7an onartu zituzten isunak aho batez Nazio Batuen Erakundean, historikoki Ipar Koreak aliatu gisa izan duten Txinaren babesa ere jasoz. Erregimenaren hirugarren proga atomikoari erantzuna izan zen, eta jada herrialdea isolatuta zegoen arren, murrizketa ekonomikoak areagotu egin dira.
Ordutik, Ipar Koreak diskurtsoa gogortu du eta gerra batekin mehatxu egin du.
Zaintza eta militarren presentzia areagotu egin da azken hilabetean, eta AEBak zonaldean misilen aurkako sistemak dituzten gerra ontziak, Ipar Koreako mugimenduak behatzeko itsas plataforma bat, ahalmen atomikoa duten espiatzeko hegazkinak eta F-22 ehiza hegazkinak ere eraman ditu.
Ipar Korea Washingtonentzat "egiazko mehatxua" da eta inteligentzia zerbitzuek azken egunetan emandako informazioen arabera, Pyongyangek 4.000 kilometroko helmena omen duten bi misil Mudusan ezarri ditu jaurtigailu mugikorretan.
Halaber, helburuetako bat AEBak Japonian duen baseen aurako erasoak omen dira, eta era horretan, Japoniako iturrien arabera, Ipar Koreatik irits daitezkeen misilak indargabetzeko protokoloa martxan jartzeko prestatzen hasi dira.
Ildo horretan, Ipar Koreak atzerriko enbaxadei ohartarazi die asteazkena baino lehen herrialdea uzteko; izan ere, euren segurtasuna bermatu ezin dutela esan diete. Seulek, horregatik, ez du baztertzen orduan misilen proba bat egin nahi izatea.
Oraindik ez du "gerra zantzu garrantzitsurik" antzeman Seulek, baina erasoak egonez gero, "erantzun egingo dutela esan du".