Mundua -

Tentsioak gora egin du

AEBen aurka eraso egiteko prest dagoela esan du Ipar Koreak

AEBek Guameko basera misilen aurkako sistema bat eramango dute datozen asteetan. Ipar Korearen mehatxuen aurrean "arduraz" jokatu behar dutela ohartarazi dute agintari estatubatuarrek.

Hego Koreako soldaduak eta tankeak. EFE
Hego Koreako soldaduak eta tankeak. EFE
Hego Koreako soldaduak eta tankeak. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amerikako Estatu Batuen aurka "gupidarik gabeko" eraso posible bat "berretsi" duela "formalki" jakinarazi die Ipar Koreak AEBetako agintariei, KCNA albiste-agentzia ofizialaren arabera. "Eraso nuklearra" aukeren artean dagoela ohartarazi du Pyongyangek.

"Amerikako Estatu Batuak Ipar Korearen aurka egiten ari diren politika eta mehatxu nuklear zoroa zapalduko ditugula jakinarazten diegu Etxe Zuriari eta Pentagonoari", azaldu du Ipar Koreako Armadaren bozeramaile batek agiri batean.

"Eraso nuklear dibertsifikatu" bat egiteko baliabideak eta "borondate indartsua" dituela esan du Pyongyangek. "Gupidarik gabeko" operazio militarra "aztertu eta berretsi" du erregimenak, baina ez du xehentasun gehiagorik eman.

AEBek misilen aurkako sistema bat bidaliko dute

AEBek Guameko basera misilen aurkako sistema bat eramango dute datozen asteetan. Ipar Korearen mehatxuen aurrean "arduraz" jokatu behar dutela ohartarazi dute gaur agintari estatubatuarrek.

Defentsa Departamentuak azaldu duenez, THAAD misilen aurkako sistema da. Helmen laburreko eta ertaineko misilak suntsitzeko diseinatu duten sistema da. Misilak Lurreko atmosferatik at edo barnean botatzeko gaitasuna du sistemak.

Ipar Koreak Kaesongo industrialdea itxi du

Bestalde, Pyongyangek Kaesongo (Ipar Korea) industrialdea blokeatzeko erabakia hartzea deitoratu du AEBetako Estatu Departamentuak. Industrialdea bi Koreek erabiltzen dute. Erabakia Ipar Korearen "kalterako" dela uste dute AEBek.

Ipar Koreak Hego Koreako herritarrak industrialdean sartzeko baimenik gabe uzten dituen aurreneko aldia ez dela gogorarazi du Victoria Nuland AEBetako Estatu Departamentuko bozeramaileak. Kaesong bi Koreen arteko adiskidetzearen eta batasunaren ikurra da.

2009ko martxoan egun oso bat Hego Koreako herritarrak industrialdean sartzeko bamenik gabe utzi zituen Pyongyangek. Ondorioz, neurri hau hartzen duen bigarren aldia da.

Ehunka hegokorearrek egunero muga zeharkatzen dute industrialdean lan egiteko. Hego Koreako ehun bat enpresek 54.000 bat iparkorearri lana ematen diete Kaesongen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea