Mundua -
Paris
Polizia Christine Lagarde NDFko zuzendariaren etxea miatzen ari da
Bernard Tapie enpresaburuaren aurkako ikerketaren baitan abiatu dute operazioa.
Erredakzioa
Frantziako Poliziak Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendariaren Pariseko etxea miatu du gaur, Bernard Tapiek jasotako kalte-ordain handi baten kontura irekitako ikerketaren harira.
Lagarderen abokatuak, Yves Repiquetek baieztatu du miaketa izan dela, baina "egia argitzen" eta bere bezeroaren "errugabetasuna frogatzen" lagunduko duela azpimarratu du.
Frantziako Justiziak 2011ko abuztuan ireki zuen ofizialki Lagarde ikertzeko prozedura, Tapieri milioikako kalte-ordaina emateko legez kanpoko eskuhartzea egin ote zuen frogatzeko. Hala balitz, Lagarderi "dokumentuak faltsutzea" eta "ondasun publikoak desbideratzea" leporatuko liokete.
Lagarde Frantziako Ekonomia ministroa zen orduan, eta Adidas enpresa saltzeagatik Tapiek jaso beharreko ordaina arbitraje batzorde pribatu batek zehaztea erabaki zuen, auzitegien esku utzi beharrean.
Adostutako diru kopurua ia 400 milioi eurora iritsi zen, interesak barne, eta diputatu sozialisten arreta piztu zuen, gehiegizkoa zelakoan. Hori horrela, diputatu sozialistek Justiziara jo zuten.
2011ko abuztuan Justizia Auzitegiak zabaldu zuenez, Tapiek bide judizialetatik jasoko ez lukeen kalte-ordaina jasotzeko "legez kanpoko prozedura bat izan zela pentsatzeko zantzu argiak daude".
Ikerketaren baitan, Poliziak Claude Gueant Eliseoko idazkari nagusiaren, Tapieren eta Stephane Richard Lagarderen orduko kabinete buruaren etxeak ere miatu ditu duela gutxi.