Mundua -
NBEren zigorraren ostean
Ipar Koreak Hego Koreari ez erasotzeko akordioak ezeztatuko ditu
Halaber, AEBetara iristeko gai diren misil nuklearrak jaurtitzeko prest daudela esan du Armadako jeneral batek.
Erredakzioa
Ipar Koreak Hego Koreari eraso ez egiteko dituen akordioak ezeztatuko ditu eta bi herrialdeen arteko komunikazio linea bakarra etengo du Panmunjomen, KCNA Estatuko albiste agentziaren arabera.
Ipar Koreak "Iparraren eta Hegoaren artean lortutako ez erasotzeko akordio guztiak deuseztatuko ditu" Koreako Gerraren (1950-1953) ostean, esan du Korea era baketsuan batzeko batzordeak.
Batzordeak azaldu duenez, Piongiangek "Ipar eta Hego Korea lotzeko Panmunjomeko kanala itxiko du". Egun, hori da bi Koreak euren komunikazio urrietarako duten linea bakarra.
Batzordearen jakinarazpen hau Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Segurtasun Kontseiluak herrialdea zigortu eta egun bat geroago iritsi da. Zigorra otsailaren 12an egindako proba nuklearragatik jarri diote.
AEBei erasotzeko misilak prest dituela esan du Ipar Koreak
Halaber, AEBetara iristeko gai diren misil nuklearrak jaurtitzeko prest daudela esan du Armadako jeneral batek, NBEk jarritako zigorraren ostean.
Kang Pyo-yong jeneralak esan duenez, Ipar Koreak ojiba atomikoen tamaina eta pisua murriztea lortu du, irismen handiko jaurtigaietan jartzeko, Washington eta AEBetako eta horren aliatuen zentro garrantzitsuak "suzko itsaso" bilakatzeko, Rodong Sinmun egunkariaren arabera.