Mundua -
Saio nuklearra
Ipar Korearen kontrako zigor berriak onartu ditu NBEk
Ipar Koreak, bestalde, AEBen kontrako ''eraso nuklear prebentiboa'' egiteko mehatxua egin du.
Erredakzioa
NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak Ipar Korearen kontrako zigor berriak onartu ditu ostegun honetan, aho batez, joan den hilean Piongiangeko Gobernuak egindako saio nuklearraren aurrean. Ipar Koreak, bestalde, AEBen kontra ''eraso atomiko prebentiboa'' egiteko mehatxua egin du gaur bertan.
AEBek eta Txinak bultzatutako ekimena bati esker, Ipar Koreari ezarritako zigorrak gogortu ditu NBEk. Onartutako neurri berriek finantza arloari eragiten diote bereziki.
Hala, estreinakoz, Ipar Koreako diplomazialarien ''legez kontrako jarduerak'', bertako bankuek atzerrian dituzten harremanak eta ''eskudirua erabiliz legez kanpoko transferentziak'' zigortuko dituzte. Halaber, Ipar Koreako funtzionarioen bidaiei murrizketa latzagoak ezarriko dizkiete.
Ipar Korearen mehatxua
Piongiangeko Gobernuak, bestalde, aldez aurretik erantzun die neurriei, eta AEBen kontra ''eraso atomiko prebentiboa'' egiteko mehatxua egin du gaur bertan. Etxe Zuriari ''gerra atomikoa'' hastear egotea leporatu dio, eta, arrisku horrek ''bere interesak defendatzera'' bultzatuko duela ohartarazi du.