Mundua -
Erreakzioak
Mundu osoko egunkariek Chavezen heriotzari eskaini dizkiote azalak
Hugo Chavezen heriotza eta herrialdearen egoera dira Latinoamerikako egunkari guztiek azalera eraman dituzten ideia nagusiak.
Erredakzioa
Hugo Chavez Venezuelako presidentearen heriotzaren albistea azalera eraman dute nazioarteko egunkari gehienek.
Nicolas Maduro presidenteordearen iragarpenaren ostean, Venezuelako egunkariek titular handiekin erreakzionatu dute. "Hugo Chavez Frias hil egin da minbiziaren aurkako borroka luze baten ostean", dio El Universal-ek. Ultimas Noticias egunkariak Maduroren hitzak eraman ditu azalera eta venezuelarrei "bakearen zaintzaile" izateko deia egiten die.
Argentinan, Cristina Fernandez izan da hiletan egongo dela berretsi duen lehen agintarietako bat, eta bertako prentsak Chavezen irudia goraipatzen du. "Hunkipena mundu osoan: Hugo Chavez hil da", dio La Nacion-ek. Clarin-ek heriotzaren berri eman eta "Madurok Venezuela blindatu du" azpimarratu du.
Brasilen, Folha de Sao Paulo egunkariak "Minbiziak Hugo Chavezen 14 urteko agintaldiarekin amaitu du", dio.
"Ez adiorik, Komandante" dio Gramma-k, Kubako alderdi Komunistaren egunkariak. Chavez goraipatzen duen Gobernuko adierazpen bat eraman dute azalera.
Ameriketako Estatu Batuak
The Washington Post egunkariak "Iraultzarekin amets egiten zuen antzinako soldaduak petrolioaren potentzia handienetako baten lider izatea lortu zuten", dio. Bestalde, New York Times-ek "komunikabideen arretarekin gozatzen zuen hizlari bikaina" zela esaten du.
Iran eta Errusia
Iranek, Venezuelaren aliatu nagusietakoak, munduko agentzien informazioak bildu ditu egunkarietan. Errusiak, merkataritzako beste aliatu nagusiak, "XXI. mendeko sozialismoak heriotza honi aurre egin ahal izango dio" aipatzen du.
Hugo Chavezen heriotza Espainiako prentsaren azal guztietan da nagusia eta egunkariek orrialde ugari eskaini dizkiote albisteari.
"Gaixotasunak Chavezekin amaitu du", dio El Pais-ek.
ABC-n, besteak beste, "Boliviako buruzagiaren izarra itzali da" eta "Kolpista jaio etadiktadore hil da" irakur daitezke.
El Mundo-ren titularra hauxe da: "Chavezen heriotza hilketa inperialista bilakatu du Madurok". Azkenik, La Razon-ek "Chavez, 'kaudilloaren' heriotza" titularra eraman du azalera.
Europa
Frantzian, Le Figaro-k Venezuelako botere energetikoa azpimarratu du eta "Chavezek petrolioaren menpeko ekonomia" utzi duela dio. Le Monde egunkariak "Hugo Chavez hil egin da eta soldaduak zabaldu dituzte herrialdeko bakea bermatzeko".
Lider indartsuaren irudia nabarmendu dute Italian eta "Estatu Batuen aurkako 'kaudiolloari' agur", diote hedabideek.
"Estutasuna eta beldurra Chavezen heriotzaren ostean", dio Times egunkari britainiarrak. The Telegraph-ek "Hugo Chavez presidentea hil egin da herrialdea krisian utziz", dio azalean.