Mundua -

Chavezek okerrera egin du

Chavezi 'etsai historikoek eraso' egin diotela salatu du Madurok

AEBetako enbaxadaren ordezkari bat kanporatuko dutela iragarri du Venezuelako Gobernuak. Militarrei "herrialdea ezegonkortzeko egitasmoak proposatzea" leporatu diote.

Hainbat emakume, Caracaseko Bolivar plazan, Hugo Chavezen aldeko otoitz batean. EFE
Hainbat emakume, Caracaseko Bolivar plazan, Hugo Chavezen aldeko otoitz batean. EFE
Nicolas Maduro: 'Baten batek Hugo Chavez pozoitu du'

2:07

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hugo Chavez Venezuleako presidenteari etsai historikoek eraso egin diotela adierazi du gaur Nicolas Maduro Venezuelako presidenteordeak. Gertatutakoa argitzeko zientzialarien batzorde bat martxan jarriko dutela jakinarazi du Madurok.

"Ez dugu zalantzarik, historian zientzialarien batzorde bat osatzeko unea helduko da, Chavez komandanteari eraso egin diotela demostratzeko", esan du Madurok telebistan egindako agerraldian.

"Minbizia sortzeko edo kutsatzeko gai izan zatekeen" galdetu zion bere buruari Chavezek 2011ko abenduan, eta aldi berean Evo Morales (Bolivia), Daniel Ortega (Nikaragua) eta Rafael Correa (Ekuador) agintariei zaintzeko eskatu zien.

Cristina Fernandezek (Argentina) minbizia izan zezakeela ezagutu eta gero egin zituen adierazpenak Venezuelako presidenteak. Gaixotasun berdinak Dilma Rousseffi eta Luiz Inacio Lula da Silvari (Brasil) eragin zien, eta baita Fernando Lugori (Paraguai) ere.

"Historian mota honetako eraso ugari izan dira, kasu gehiegi historian", Maduroren ahotan. "Azkena eta ospetsuena" Yaser Arafat Palestinako agintari historikoari egindakoa, aipatu du Venezuelako presidenteordeak.

AEBetako enbaxadaren bi ordezkari kanporatu dituzte

Gainera, David del Monaco Amerikako Estatu Batuetako enbaxadaren ordezkaria kanporatuko dutela iragarri du gaur Venezuelako Gobernuak. Militarrei "herrialdea ezegonkortzeko egitasmoak proposatzea" leporatu diote.

AEBetako militarrak 24 ordu ditu Venezuelatik alde egiteko, Madurok azaldu duenez.

AEBetako enbaxadaren beste ordezkari bat kanporatuko dutela iragarri du Elias Jaua Venezuelako kantzelariak. "David Kostal 'pertsona non grata' deklaratu dugu David del Monacorekin batera", esan du Jauak.

Chavez egoera "zailean" dagoela onartu du Madurok, eta medikuak artatzen ari direla goraipatu du.

Infekzio "oso larri batek egoera okertu du", presidenteordearen hitzetan. "Arnas aparatuan zailtasunak ditu eta medikuak artatzen ari dira", erantsi du.

Bilera Armadako goi-agintariekin

Venezuelako Gobernua Armadako goi-agintariekin bildu da Mirafloreseko Jauregian. VTV Estatuko telebistak "garapenerako egitasmoak" eztabaidatzeko bildu direla jakinarazi du, baina parte-hartzaileak zeintzuk ziren ikusita, besteak beste, 20 gobernadore sozialista, kezka areagotu da.

Hugo Chavez Venezuelako presidenteak txarrera egin du, "infekzio larri" baten ondorioz, eta "oso ahul" dago, Ernesto Villegas herrialde horretako Gobernuko Komunikazio ministroak iragarri duenez.

Gobernuburuari ebakuntza egin zioten abenduaren 11n, Kuban, eta duela bi aste Caracasera itzuli zen. Egun, trakea zabalik egotea ahalbidetzen duen hodi baten bitartez arnastu behar du.

Beste infekzio bat

"Chavezen arnas aparatuaren egoerak txarrera egin du, immunodepresioaren ondorioz. Orain beste infekzio bat du, eta larria da", azaldu du ministroak.

Villegasek zehaztu duenez, azkenaldian Chavezi "kimioterapia gogorra" eta beste hainbat "tratamendu osagarri" egin dizkiote.

Abenduaren 11koa 18 hilabetean Venezuelako presidenteari egindako laugarren ebakuntza izan zen. Minbizia du pelbisean, baina Gobernuak ez du zehaztasun gehiagorik eman horren inguruan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea