Mundua -

Hirugarren proba nuklearra

Ipar Koreak ekintza 'gogorragoekin' mehatxu egin du

2006an eta 2009an egindako proben ostean, iragarritako hirugarren proba hau "arrakastatsua" izan dela adierazi du Ipar Koreak. Nazioarteak gogor kritikatu du.

Lurrikara gertatu den tokia, Hego Korean. EFE
Lurrikara Hego Korean. EFE
Ipar Koreak proba nuklearra era 'arrakastatsuan' egin duela berretsi du

1:12

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ipar Koreako Atzerri Ministerioak esan duenez, entsegu nuklearra autodefentsa ekintza bat besterik ez da izan Ameriketako Estatu Batuen "borrokaren" aurrean, eta horrela jarraituz gero, ekintza "gogorragoekin" mehatxu egin du.

Proba nuklearra era "arrakastatsuan" egin duela berretsi du Ipar Koreak, 2006an eta 2009an egindakoen ostean, hirugarrena, KCNA bertako albiste agentzia ofizialak jakinarazi duenez.

"Era perfektuan eta seguruan egin da proba nuklearra, gailu nuklear txiki bat erabiliz, arinagoa, baina aurrekoak baino indar handiagoarekin", adierazi dute.

Halaber, entsegu nuklearrak "ez du ingurumenean eragin negatiborik eduki", nabarmendu dute.

Punggye-ri basean egin du eztanda, eta Hego Koreako Defentsa Ministerioak jakinarazi duenez, 6-7 kilotoira iritsi da, AEBak Japoniako Hiroshima hiriaren aurka botatako bonbak izan zuenaren herena.

NBEren Segurtasun Kontseiluaren bilera

Hego Koreak premiazko bilera deitu du NBErekin (Nazio Batuen Erakundea). Hain zuzen ere, hegokorearren euren esku dago une honetan erakundearen txandakako presidentetza.

Erregimen komunistak proba atomikoak berretsi ditu Hego Koreak 5 graduko lurrikara bat atzeman duela salatu ostean. Punggye-ri basean, herrialdearen ipar ekialdean atzeman du lurrikara, proba egin omen den tokian, hain justu.

Urtarrilaren 24an, hirugarren proba nuklearra egiteko mehatxu egin zuen, Nazio Batuen Segurtasun kontseiluak zigorra jarri ostean; izan ere, helmen handiko kohete bat bota zuen.

Dagoneko, NBE, Japonia, Alemania, Erresuma Batua eta Errusia, besteak beste, aurka azaldu dira. Nazioartearen iritziz, probokazio bat izan da eta bakea mehatxatu du. Halaber, Europar Batasunak eta NATOk "gogor" kondenatu dute proba nuklearra.

Proba berri honekin Barack Obama AEBetako presidenteari hordago bota dio eta Txina ere Ipar Koreak egindako entsegu nuklearraren aurka azaldu da. "Koreako penintsulako ugaritze nuklearraren" kontra egin du.

Txinak erabateko garrantzia du

Txinaren jarrerak erabateko garrantzia du. Ameriketako Estatu Batuari ez ezik, Txinari ere jakinarazi zion Ipar Koreak bere asmoa. Azken hau Kim Jong-un erregimenaren "aliatu" bakarra da, baina pazientzia galtzen ari da.

Pyongyanen bazkide komertzial handiena da Txina, janariaren eta energiaren erdia ematen dio, urtean 400.000 tona janari baino gehiago eta 500.000 tona petrolio, Chosun Ilbo Hego Koreako egunkariaren arabera.

Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentzia

Ipar Koreak eginiko proba nuklearrak NBEren Segurtasun Kontseiluaren erabakiak urratu dituela ohartarazi du Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak.

Ipar Koreak proba atomiko berri bat egin dezake

Hego Koreako inteligentzia zerbitzuek ohartarazi dutenez, Ipar Koreak proba nuklear berri bat egin dezake gaurko entseguaren ostean.

NIS Inteligentzia Zerbitzu Nazionalaren arabera, Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak zigorrak areagotuz gero, proba nuklear berri bat egin dezake erregimen komunistak. Era honetan, botere militarra azaltzeko ekintza berriak prestatzen egon daitekeela ohartarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea