Mundua -

Erreferenduma

Eskozia 2016an izango da independente galdeketan baiezkoa ateraz gero

Eskoziako Gobernuak independentziarako bidaia orria aurkeztu du. Erreferendumean baizkoa ateratzekotan, 2016ko martxoan independentzia lortuko luke eta maiatzean hauteskundeak egingo lituzkete.

Alex Salmond eta David Cameron. Argazkia: EFE
Alex Salmond eta David Cameron.
Alex Salmond eta David Cameron. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alex Salmonden Gobernuak independentziarako bidaia orria aurkeztu du 2014ko erreferendumean Eskoziak Erresuma Batutik banatzea onartzekotan. Baiezkoa ateraz gero, Eskozia 2016an izango da independente.

Baiezkoa ateratzekotan, Londreseko Gobernuarekin negoziaziotan hasiko lirateke erakundeak eta baliabideak zatitzea ahalbidetuko lukeen plataforma eratzeko.

Trantsizio prozesu horren ostean, (Parlamentu britainiarrak Batasuneko Ituna desegin beharko luke) 2016ko martxoan independentzia aldarrikatuko litzateke, eta maiatzean, lehen hauteskundeak egingo lituzkete.

Geroago, proposamen horren arabera, lehen Parlamentu independentea osatuko litzateke eta Konstituzioa idatziko lukete, eta besteak beste, egungo monarkiaren pean dagoen Eskozia independentearen existentzia jasoko luke horrek.

Europar Batasunarekin eta NATOrekin harremana ere zehaztu beharko litzateke, eta herriak horrela nahi izanez gero, suntsipen handiko armak legez kanpo uztea aurreikusi dute dokumentuan; izan ere, eskoziar askok egiten duten aldarria da.

Datorren urtean eskoziarrek independentziaren alde eginez gero, Gobernu britainiarrari trantsizioa prestatzeko eztabaidan parte hartzeko deia egin diote dokumentuan.

Hala ere, David Cameronen Gobernuak dagoeneko independentzia "aurre negoziatuko" ez duela azpimarratu du, nahiz eta Hauteskunde Batzordeak proposatuta, erreferendumaren ostean geldituko litzakeen egoera argitzeko konpromisoa hartu duen.

Michael Moore Eskoziarako Britainia Handiko ministroak datozen egunetan emango du jakitera Londresen ikuspegia.

Galdera berria

Lehengo astean erreferendumaren galdera aldatzea erabaki zuen Hauteskunde Batzordeak. Hasierako galdera honako hau zen: "Ados al zaude Eskoziak herrialde independente bat izan beharko lukeela?". Galdera horrek hautesleak baiezkoaren alde baldintzatzen zituela iritzita, aldatzea erabaki dute eta "Eskoziak herrialde independentea izan behar al luke?" izango da 2014an eskoziarrei egingo zaien galdera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ezkozia argazkiak Bigarrena Eskoziako erreferenduma