Mundua -

Ezin izan du kargua hartu

Milaka lagun bildu dira Caracasen, Chavezi elkartasuna adierazteko

Venezuela osotik heldutako herritarrak bildu dira Miraflores jauregi aurrean, presidenteari elkartasuna adierazteko eta kargu-hartze ekitaldia atzeratzea baimendu duen Gorenaren erabakia babesteko.

Venezuelako milaka lagunek Hugo Chavezen aldeko manifestazioa egin dute

1:17

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka lagun bildu dira ostegun honetan Caracasen, Hugo Chavezi elkartasuna adierazi eta kargu-hartze ekitaldia atzeratzea baimendu duen Gorenaren erabakia babesteko. Gaur hartu behar zuen kargua Chavezek, baina Kubako ospitale batean da presidentea, minbiziari aurre egiteko ebakuntza egin ostean.

Venezuela osotik heldutako jarraitzaileek Miraflores jauregi aurrean egin dute bat, egunaren lehen orduetatik.

"Ni Chavez naiz" eta "Chavez bihotzean" leloak erakusten zituzten kamisetak utzi dituzte agerian, eta ildo horretako oihuak ere entzun dira kaleetan.

Gobernuak kaleratutako informazioaren arabera, Chavezek arnasteko arazoak ditu, "biriketako infekzio larria" baitu.

Maduroren abisua oposizioari

Hugo Chavezen ''legezko gobernua'' onartzen ez badute ''neurri legal irmoak'' abiatuko dituztela ohartarazi die Nicolas Maduro Venezuelako presidenteordeak oposizioko kideei, ekitaldi horretan egin duen hitzaldian.

Ekitaldi sinbolikoak

Ekitaldi sinboliko batean, gainera, presidentea bailiran zin egin dute bertan bildutako jarraitzaileek. Maduroren eta Konstituzioaren arrean, ''Chavez komandantearen presidentetza kalean defendatuko'' dutela agindu dute.

11 lagun hil eta 70 zauritu dira, bi autobusen arteko istripuan

Gutxienezko 11 lagun hil eta 75 zauritu dira ostegun honetan Venezuelan, bi autobusek izandako zirkulazio istripuaren ondoren. Caracasera zihoazen, Chavezen aldeko ekitaldian parte hartzera.

Gonbidatuak

Latinoamerikako zenbait buruzagi Venezuelan dira, PSUV Chavezen alderdiak antolatutako ekitaldian parte hartzeko. Bertan dira, besteak beste, Jose Mujica Uruguaiko presidentea, Daniel Ortega Nikaraguako estatuburua eta Evo Morales Boliviako presidentea.

Oposizioa

Venezuelako oposizioak, bestalde, manifestazioa deitu du hilaren 23rako, Auzitegi Gorenak hartutako erabakiaren kontra.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea