Mundua -
Venezuela
Hugo Chavezek txarrera egin du
Nicolas Maduro presidenteordeak Kuban emango ditu hurrengo egunak, Chavezen egoera jarraitzeko.
Erredakzioa
Hugo Chavez Venezuelako presidentearen osasun egoerak txarrera egin du, abenduaren 11n Habanan (Kuba) egindako ebakuntzaren ostean "arazoak" sortu eta gero, Nicolas Maduro presidenteordeak jakinarazi duenez.
"Ebakuntza egin eta 19 egunera, Chavezen osasun egoerak makala izaten jarraitzen du, artatzen ari diren arazo batzuk direla eta", esan du Madurok, irratian eta telebistan irakurritako mezu batean.
Presidenteordeak aitortu duenez, Chavezen prozesua "arriskutsua" da, eta horren egoera "zaila" da.
"Chavez jasotzen ari den amodio eta elkartasun uholdeak, horren borondatea eta medikuen tratamenduak gure presidenteak bataila hau menperatzeko baliagarri izatea espero dugu", adierazi du.
Madurok Habanatik egin ditu adierazpenak, eta bertan jarraituko du "hurrengo orduetan", Chavezen egoera jarraitzeko.
Abenduaren 8an, Chavezi iaz atzemandako minbizia suspertu egin zaiola iragarri zuen Venezuelako Gobernuak. Bi egunen buruan, agintaria Kubara joan zen, ebakuntza "zaila" egiteko, eta bertan dago harrezkeroztik.
Chavezek presidente karguaren zina egin behar du urtarrilaren 10ean, urriaren 7ko hauteskundeetan irabazi eta gero, baina horren osasun egoera dela eta, badirudi ezin izango duela.