Mundua -

Hauteskundeak

Chavezen alderdiak irabazi ditu Venezuelako eskualdeetako bozak

Venezuelako Alderdi Sozialista Batuak 23 eskualdeetako 20tan lortu du garaipena. Henrique Capriles oposizioko buruak Miranda estatuari eutsi dio.

Chavezen jarraitzaile bat hauteskunde egunean. Argazkia: Efe
Chavezen jarraitzaile bat hauteskunde egunean.
Chavezen jarraitzaile bat hauteskunde egunean. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hugo Chavez presidentearen Venezuelako Alderdi Sozialista Batuak (PSUV) alde handiarekin irabazi ditu Venezuelako eskualdeetako hauteskundeak. Chavezen alderdiak 23 eskualdeetako 20tan lortu du garaipena eta Henrique Capriles oposizioko buruak Miranda estatuari eutsi dio.

Tibisay Lucena Hauteskunde Kontseilu Nazionaleko presidenteak jakinarazi duenez, parte-hartzea % 53,94koa izan zen atzokoan.

PSUVk Zulia petrolio ugari duen estatua kendu dio oposizioari. Bertan Pablo Perez oposizioko kidea zen gobernadore, Caprilesen aurkaria oposizioko buruzagitzan.

Era berean, Chavezen alderdiak oposizioarenak ziren Carabobo, Nueva Esparta eta Tachira estatuetan ere lortu du garaipena.

Oposizioak Miranda estatu garrantzitsuari eustea lortu du. Caracas hiriburua barne hartzen duen eskualdean Henrique Capriles oposizioko burua da gobernadore, eta horrela, indartu egin du bere hautagaitza oposizioaren barruan.

"Gaur herriak egia eta iraunkortasuna saritu ditu; are gehiago, maitasun oparia eman dio Hugo Chavez komandanteari. Gaur, herriak ez dio huts egin Chavezi", adierazi du Nicolas Maduro Venezuelako presidenteorde eta Chavezen ondorengoak.

Gobernuan daramatzan 14 urteetan lehenengo aldiz, Chavezek ez du hauteskundeetan parte hartu, Kuban ebakuntza egin baitiote 2011n atzeman zioten minbizia dela eta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea