Gizartea -
Amaia Egañaren heriotza
Ernek babestu egingo ditu etxegabetzeetara joaten ez diren ertzainak
Ertzainen sindikatuak etxegabetzeen "konplize" ez izateko deia egin die kutxetan ordezkaritza duten zentralei.
Erredakzioa
Roberto Seijo Ertzaintzaren sindikatu independentearen (Erne) bozeramaileak iragarri duenez, erakundeak babestu egingo ditu etxegabetze prozesuetan parte hartzeari uko egiten dioten agenteak. Gainera, aurrezki kutxetako Administrazio Kontseiluetan ordezkaritza duten sindikatuei etxegabetzeen "konplize" ez izateko deia egin die.
Erneren bozeramaileak Radio Euskadin egindako adierazpenetan azaldu duenez, hainbat agentek dei egin diete joan den astetik, gai honen inguruko zalantzak agertzeko.
Horrenbestez, agenteek "arazo juridikorik edo diziplinazkorik" izango balute, Ernek "baliabide guztiekin" erantzungo lukeela adierazi du.
Horren hitzetan, Ernek "hainbat ekimen" abiatu ditu dagoeneko, ertzainak "bidegabekeria honen erantzuleak" izan ez daitezen.
Bozeramaileak aitortu egin du ertzainek "ondorioak" jasan ditzaketela etxegabetze batean parte hartzeari uko egiteagatik, baina agenteak babesteko "baliabideak" badituztela gaineratu du.