Gizartea -
Bitartekotza zerbitzua
Nafarroako Gobernuak etxegabetzeak ekiditeko zerbitzu bat eratu du
2012an, dagoeneko 685 familia bota dituzte etxeetatik, erdiak, Iruñean.
Erredakzioa
Nafarroako Foru Gobernuak bitartekotza-zerbitzu bat eratu du, etxebizitzaren hipotekari aurre egin ezin dieten familiei laguntzeko eta etxegabetzeak ekiditeko. Aurten, dagoeneko 685 familia irtenarazi dituzte euren etxeetatik Nafarroan; erdiak, Iruñean. Iñigo Alli Gizarte Politiken kontseilariak adierazi duenez, hipotekak ordaindu ezin badira, beste aukera batzuk daude negoziatzeko: besteak beste, zorra birfinantzatzea.
Juan Luis Sanchez de Muniain kontseilari eledunarekin batera emandako prentsaurreko batean, beste formula batzuk bilatu behar direla esan dute, adibidez, zorra edo alokairua abantaila batzuekin kitatzea eta era horretan, "familia bat etxetik botatzearen drama ekidingo litzateke".
Nafarroako Gobernuko Kontsumo Zerbitzuak eskainiko du eta 848426900 eta 902165170 zenbakietara deitu beharko da aurretik zita eskatzeko.
Bitartekotza-zerbitzuak familiaren egoera ekonomikoa aztertuko du eta zorra kitatzeko aukerak proposatuko ditu. Halaber, prebentzio gisa, hipoteken eta arlo juridikoko gaien inguruko aholkularitza zerbitzua emango du.
Bitartekaritza Plana egiteko eskatu dute
Bestalde, Sustapen Batzordeak aho batez onartu du Nafarroako Gobernuak "lehenbailehen Bitartekaritza Plana" egiteko eskaera, egoera ekonomikoarengatik hipotekari aurre egiteko zailtasunak dituzten familien etxegabetzeak ekiditeko.
Onartutako ebazpenak hiru puntu ditu, eta PSE, NaBai, Bildu eta I-E alderdien aldeko bozak eta UPNren eta PPren kontrakoak izan ditu.