Gizartea -
Italiako Auzitegiaren erabakia
Mugikorra gehiegi erabiltzeak minbizia eragin dezake
Hamar urtez egunean mugikorra sei ordu erabiltzen zuen Italiako enpresa zuzendari bat da biktima. Auzitegi Gorenaren arabera, tumorearen ardura telefono mugikorrak du.
Erredakzioa
Innocente Micolini, 60 urteko italiarra, buruan eta kokotsean min handia zuela eta, medikuarengana joan zen eta honek tumore bat atzeman zion. Aste honetan, Italiako Auzitegi Gorenak "lotura zuzena" ezarri du tumorearen eta mugikorraren artean, izan ere, gizonezkoak hamar urte pasatu ditu mugikorra egunean sei ordu erabiliz.
Auzitegiaren arabera, tumorea lan gaixotasuna da eta kalte-ordainak eman behar dizkiotela ebatzi du.
Angelo Gino Levis onkologoak eta Giuseppe Grasso neurokirurgialariak argudiatu dutenaren arabera, telefono mugikorren erradiazio elektromagnetikoak zelulak kaltetu eta tumoreak izateko arriskua areagotu ditzake.
Tumorea ona den arren, karotida-arteriara hedatzeko arriskua zegoen. Gizonezkoaren aurpegia paralizatuta gelditu zen eta egun morfina behar du mina gutxitzeko.
"Ez dut dirua lortzeko egin, telefono mugikorren gehiegizko erabilerak arriskua dakarrela erakusteagatik baizik", esan du Marcolinik Corriere della Sera egunkarian.
Osasunaren Mundu Erakundeak jada mugikorren erabilera mugatzeko eskatu zuen iaz, baina zientzialarien artean ez dira ados jartzen gailu hauen eta minbiziaren artean lotura zuzena dagoen ala ez ondorioztatzeko.