Ume lapurtuak -
Biktimei arreta
Bulego berria, informazioa nahi duten ume lapurtuen biktimentzat
Bulegoa urtarril hasierarako irekita egongo da, eta biktimek odoleko senitartekoen informazioa jasotzeko aukera izango dute, Justizia Ministerioak jakinarazi duenez.
Erredakzioa
Espainiako Justizia Ministerioak bulego berri bat irekiko du Madrilen ume lapurtuen biktimei arreta emateko, eta abenduaren amaierarako, edo, beranduenera, urtarril hasierarako irekita egongo da.
Biktimek odoleko senitartekoen gaineko informazioa eskuratu ahal izango dute, erregistroko datuak edota osasun-txostenak, esaterako, Alberto Ruiz-Gallardon Justizia ministerioak jakinarazi duenez.
Ume lapurtuen elkarteetako ordezkariekin bilera egin ondoren eman du horren berri, Alberto Ruiz-Gallardon ministroak. Aurrez, apirilean hartutako konpromisoak beteko dituela jakinarazi die elkarteetako ordezkariei.
Datu pertsonalak gordeko dituen bi fitxategi sortzeko agindua eman du Espainiako Justizia Ministerioak, gaur goizean Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu denez. Fitxategi horietako batek kaltedunek informazio administratiboa eskuratzeko egin dituzten eskariak bilduko ditu, eta besteak, DNA laginak.
Aurrerantzean, Toxikologiako Institutu Nazionaleko datuak ikusteko aukera izango dute haur lapurtuen kasuetan nahastutako biktimek. Institutu horrek datu-base bat egingo du DNA laginekin, eta bere baitan hartuko ditu kanpoko laborategietan egindako profil genetikoak ere.