Gizartea -
Iñigo Cabacas kasua
Iñigo Cabacas gogoratuko dute gaur, gaztea hil eta sei hilabetera
'Iñigo gogoan' taldeko kideek kontzentrazioa deitu dute justizia eskatzeko gaurko, eta haren lagunek Cabacasen omenezko plaka jarriko dute Basaurin.
Erredakzioa
Iñigo Cabacas gaztea gogoratuko dute gaur bi ekitalditan, Ertzaintzaren pilotakada batek eragindako zaurien ondorioz hil eta sei hilabetera. Athleticeko jarraitzaileak 3 egun egin zituen koma egoeran apirilaren 5ean Athletic eta Schalke 04 taldeen arteko partidaren ondoren izandako istiluetan buruan jasotako pilotakada baten ondorioz.
"Iñigo gogoan" mugimenduak kontzentrazioa deitu du gaurko Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean "Poliziaren biolentziari Stop" lelopean, "justizia eskatzeko eta kasuari ematen ari zaion trataera salatzeko".
Arratsaldean bestalde, hildako gaztearen lagunek plaka bat ipini dute Basauriko Axular plazan, Cabacasen jaioterrian, hain zuzen ere. Halaber, Basauriko Udalak kolaboratu du San Fausto jaien baitan egin den ekitaldian.
Auzibidea
Bilboko 10. auzitegia Iñigo Cabacasen kasuaren instrukzioa egiten ari da gaztea nola hil zen argitzeko, eta orain arte lekukoei deklarazioa hartu die epaileak.
Irailean auzian inputatutako ertzainek deklaratzen hasi behar bazuten ere, atzeratu egin da zitazio judiziala.
Juan Calparsoro EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko fiskal nagusiak instrukzioa urte amaierarako bukatuta egongo zela iragarri zuen. Halaber, urriaren 3an instrukzio faseak aurrera jarraitzen duela esan zuen, eta prozesuak ez zuela atzerapenik izan, hark zekienez.