Gizartea -
Doikuntzak osasungintzan
Osakidetzan artatuak izateko baldintzak bete beharko dituzte etorkinek
Euskadin erroldatuta urtebete baino gutxiago daramaten etorkinek lan munduan edo gizartean errotuta daudela erakutsi beharko dute.
Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoak legez kanpoko egoeran dauden etorkinei osasun-laguntza eskaintzen jarraituko du. Gaur goizean, Jesus Maria Fernandez Osasun sailburuordeak adierazi duenez, ordea, Euskadin, lan munduan edo gizartean errotuta egotea eskatuko zaie, etorkin gehiago etortzea eragozteko.
Osasun sailburuak azaldu duenez, barne mekanismo bat ezarri dute gaixotasun larriak dituzten gaixo atzerritarrak Euskadira etor ez daitezen, gainerako autonomia erkidegoek baztertu ondoren.
Espainiako hainbat autonomia erkidegotan etorkinei osasun arreta ukatuko zaiela eta, horren bila Euskadira etor ez daitezen, Osasun Sailak hainbat neurri hartu ditu. Hala, Euskadin erroldatuta urtebete baino gutxiago daramaten etorkinek lan munduan edo gizartean errotuta daudela erakutsi beharko dute, osasun arreta jaso ahal izateko.
Espainiako Gobernuak onartu berri duen dekretuaren arabera, Gizarte Segurantzan kotizatzen ez duten eta legez kanpoko egoeran dauden etorkinek osasun arreta jasotzeko eskubidea galduko dute. Eusko Jaurlaritzak, ordea, orain arte bezala eskaintzen jarraitzea erabaki du.